Mikele Landa.
LARREPETIT

Soka

2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Pasa den asteko osteguna, egun zirraragarri eta indar metatzaile hura, Madrilen igaro nuen. Arratsaldeko manifestazio jendetsuan milioi bat pertsonak parte hartu genuen antolatzaileen arabera, gobernu delegazioaren aburuz 170.000k. Egin so argazkiei eta atera zuk zeuk kontuak. Mobilizazioa sei segiziotan bereizi zen: buruan mugimendu feministen komisioa zihoan, ostean auzoetako eta herrietako asanbladak, gero ikasleak eta jarraian batukada feminista; lehenengo lau horiek esparru ez-mistoak izanik. Azken biak, 12N plataforma eta gainontzeko antolakunde sozial, politiko eta sindikalen esparrua, mistoak izan ziren. Emakumeon ikusgarritasuna bermatzea, literalki espazio publikoa okupatzea eta finean manifestazioa guk gidatzea izan ziren antolamenduaren helburu nagusiak. Nik ikasleoi zegokigun segizioan hartu nuen parte, mobilizazioaren perimetroa mugatzen zuen sokari eusten. Izatez ordena mantentzea nuen betebehar, praktikan gizonei zeharkatu ezin zuten sokari buruzko azalpenak ematea egokitu zitzaidan.

Erreakzioak askotarikoak izan ziren. Zenbaitek, galdetu aurretik edo ostean, esku artean neukanaren funtzioa ulertu eta zuzenean jotzen zuten batukadaren atzera. Dezentek, ordea, ados egon ez eta azalpenak guri emateko apeta izan zuten. «Berdintasuna nahi baldin baduzue, zergatik ari zarete bereizten?», «Horrela ez zarete inora ere helduko», «Utzidazue sartzen, nik zuekin nagoela erakutsi baino ez dut nahi» eta «Gu ere zuek gara!» bezalako lemen zaparrada jaso genuen mugaren bestaldetik. Hogeita hamar bat urteko gizon zuri hark bota zuen azken esaldiaren oihartzunak kolpatu nau gaur arte. Sokak, modu azalekoan eta guztiz zirkunstantzialean bada ere, asaldatutako horiek guztiek berezko eskubidetzat jotzen dituzten pribilegioak kolokan jarri zituen. Helburua hori ez bazen ere, une batez, zeharka, rolak alderantzikatuz gure egunerokotasunean pairatzen dugun mugaren metafora bilakatu zen soka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.