Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Urteurrena

2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Dagoeneko existitzen ez den amamarekin gogoratzen naiz sasoi honetan, Ogasun sailak errenta aitorpena egiteko gutuna bidaltzen didanean. Ekainaren hurbiltasunak beragana eramaten nau, sasoi horretan gure amamak beti damutu zitzaion erabakia hartu baitzuen: seme bi Habana itsasontzira sartzea. Gure etxean inoiz ez da deus ere esan honetaz; esan beharrik ere ez dago. Urteurrena hurbiltzearekin, baina, isiltasun sepiak espazioa betetzen du. Hitz bako gomutak. Ogasunaren gutunak meta-mina eragiten dit.

Ingalaterrara zihoazen haur ziren gure osabak, bizitza salbatzea zuten xede. Baina Sobietar Batasunean amaitu zuten. Amamak senarra espetxean zuen, seme nagusiena erietxean, eta txikienak ezin gobernaturik; egoerak gainditu zuen amama. 36ko gerra amaituta bigarren mundu gerra hasi zen. Sobietar Batasuna arerioa zen. Hango seme haiek hazten joan ziren, oso urrun. Komunikazio bide guztiak eten ziren. Han zeuden semeek ez zuten ulertzen familien mututasuna. Gure etxean, baina, komunikazioa sekula ez zuten eten. Herriko bizilagun bat Bordelen bizi zen. Bera izan zen gure mugaz bestaldeko kontaktu bakarra. Erandio-Bordele-Sobietar Batasuna. Sobietar Batasuna-Bordele-Erandio. Amamak inoiz ez zituen sei seme-alabak elkarturik ikusi. Familian inoiz aurpegiratu izan zioten erabaki okerra, eta min hori ezin zarraturik hil zen. Sobietar Batasunera joandako bat ezkondua itzuli zen, Asturiasko bestegerra ume batekin. Besoetako haurra zekarten. Hasierako susmaberatasunak gainditu zituzten. Esan nezake, ordea, gurean beti egon dela zulo beltz bat. Zulo sakon bat. Mina utz liteke oinordetzan? Agian hurrengo belaunaldiarekin desagertuko da min hau. Hiru gerra umetatik bakarra dago bizirik. Ez du iragana gogoratu nahi. Ogasunak bidalitako gutunarekin ekaina etorriko zaigu gogora, eta beste urte batez, dardara egingo du memoriak eta oin azpietan zulo beltza zabalduko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.