Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Kaka mokordoa

2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
83 urte beteko lituzke Theo Angelopoulos zinemagileak bizirik balego. Duela hamar urte eskainitako elkarrizketa berrirakurtzen ari naiz. «Lehenengo galdera ergela, altxatu eta banoa», mehatxatu zuen kazetaria. «Zure zinearekin mundua aldatu al duzu?». Oraindik ere bada zinearekin edo poesiarekin mundua alda litekeela pentsatzen duenik? Ez zuen horrelakorik erantzun. «Idealki, posible da, ateak ahalbidetzea da gure ardura. Politikan sinistu zuen belaunaldikoa naiz. Tamalez, baina, ez genuen ezer aldatu. Izan ere, okerrera egin izanaren erantzule garela uste dut».

Gezurra ari du, zioen Lorea Agirrek egunkariaren itxieraren gaineko liburuan, eta badirudi atertzen ez duen garaiotan ari duela, ari. Espainiako politikari batek, ustez, gezurrezko master bat egin du. Tira, ez omen du egin. Ikuskizun-politikoa ari du. Ez da kasu isolatu bat, ez-masterrarenak erakutsi duena da politikari zenbaiten curriculumetan gezurra ari duela. Globalizazioa gurera ere ailegatu da. Hezkuntza eta Osakidetzarako oposizioak deitu dituzte. Lan publikoa lortzeko izugarrizkoak eta bi pasatu behar dira. Azterketak, proba ezberdinak, hizkuntza eskakizunak... lehia. Ordezkari politiko izateko ez lirateke gutxieneko batzuk ezarri beharko? Kaka mokordo honetan harritu nauena da beste politikarien isiltasuna. Politikagintza zintzo eta garbiaren defentsa gabezia. Ez dago, ala? Ordezkaritza publiko arduratsua egiten dutenek ez dute sentitu Angelopoulosen esaldiaren parekorik esateko gogorik? «Babokeria txikiena eta planto egingo dut». Ez dute sentitu lokatz likitsarengandik bereizteko beharrik? Bertso ttikietan aritzea zela esan zidan lehengoan lankide batek; alegia, errezela dela dena, arazo potoloagoak estaltzeko zarata. Zintzotasuna demodé dagoen balioa da,baina nik, oraindik ere,eredugarriak diren arduradun publiko eta politikoak nahi ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.