Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Moldakorra eta balioaniztuna

2018ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Misil argitsu bat zerua zeharkatzen. Lerro-buru handiek Sirian Trump-Putinen zakil neurketaren irudia ateratzen zuten bitartean, gerra txikiagoek ez zuten etenik eskaintzen. Emakumeok ondo dakigu edozein kale bazterretan, hamaika gau txokotan, lan iragarki batean dagoela guda bat jauzi egiteko gertu. Zerebroa garrantzia galtzen ari da, mon amie eta ami, eta dagoeneko garun bakoak nahiago dituzte hainbat enpresatan. Eurak ez ote dira garun-bakoak? Botere eta dirudunak dira. Gauza batzuk ikusita gero eta gehiago androideak behar dituztela dirudi; hori bai, gorputz eder eta sexurako prest dauden humanoideak. Espainiako Público egunkarian irakurri nuen albisteak emakume batek jasotako lan eskaintzaz ziharduen. Soldata: 3.200 euro gehi pizgarriak, norbere inplikazioaren arabera (...gaizki pentsatzen/hasi naiz betiko lez pentsatzen...). Idazkaritza lanak egiteko eskaintza zen, baina emakumeak: oso irekia, moldakorra eta balioaniztuna izan behar zuen. Ja. Onartu behar zaie argiak zirela; izan ere, une batean zuzenean esaten zuten: «Nagusiarekin noizbehinkako harremanak dakar lan honek». Bidaiak eskaini, eta ordutegi malgutasuna eskatu. Alegia, nagusiak gogoa zuenerako aldartea izan behar zenuela. Gorputz osoko argazkia edo skype bidezko konexioa eskatzen zieten ustezko hautagaiei. Abadiñoko ganadu azoka balitz bezala. Emakume batzuek erantzun egin dute librea den eskaintza hau. Librea eta tropikala. Público egunkariak (eta gero Kataluniako La Vanguardiak) kazetaritza ikaslea den A.-rekin hitz egin zuten. Berak jaso zuen lan eskaintza. Harridurak harridura sare sozialetan eskegi zuen jasotakoa. Emakume askok erantzun diote, eta hainbatek lan eskaintza bera jaso dutela aipatu diote. Izan gaitezen: ireki, moldakor eta balioaniztunak, izan gaitezen moderno. Ezin dut saihestu, egun batzuetan su emateko gogoa pizten didate.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.