Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Lehenengoa

2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Behar da, gero, SanMamesera lehenengoz sartu errubgia ikusteko. Lagunek esan zidaten. Nik, arazorik ez. Gauzak egiten dira egiten direnean eta egiten diren eran. Banekien errugbia existitzen zela. Biarritzen, Baionan eta Getxon zalegoa dagoela. Banekien joko gogorra zela, jokalari izandako lagunen ubeldurak eta haginkada lorratzak akorduan ditut. Jakin, banekien baina ikusi barik nengoen. Ondo ordaindutako sarrerak eskuratu, eta zelaira sartu nintzen. Eserlekura joan baino lehen komunetik pasatu nintzen. Zelaian, gizonentzako komuna, gizonentzat, gizonentzat...! Hor emakumeentzat. Gizonezkoak nagusi, nonbait. Zelaira sartu eta nolabaiteko bertigoa sartu zitzaidan. Dena behera doa. Eta sabaiko zulo horrek aireratzear dagoen espaziontzi baten itxura ematen dio. Hotza baino ez zen sartu. Euri tanta iheskorren bat ere bai. Udagoieneko eguraldia udaberri minean. Irlandar batzuk gizon prestuak dira, eta txankleta eta praka laburretan agertu ziren. Eskoziar apurrak laukidun gonekin. Osterantzean, denak antzeratsu. Harrigarriena jokalariak ez direla inurriak, alegia, jokalarien eta gauden lekuaren artean distantzia esanguratsua egon arren ondo ikusten direla. Zaldunek jokatutako jolas bilaua ei da errugbia. Kolpeak, ostikadak, bultzakadak, erasoak... bizirik irtengo ote da inor? Nire munstroak ondo estua du barne ziega; ez zen irten. Ez zen azaldu ezinezko talde katarsirik. Txaloak jo egiten zituzten, norbere taldearen aldeko aldarriak esaten zituzten, eta jokalariren bat jausten bazen, San Mames ulu ozen bilakatzen zen. Han, baina, ez zegoen giro garrazturik. Bakoitzak berea animatzen zuen, eta beste taldekoa zelaitik ateratzerakoan txaloak entzuten ziren. Bai, gustatu zitzaidan. Aitor dezakedana baino askoz gehiago. Errugbia. Ez dut uste gela pare bat gauez alokatzeagatik eskaintzen zizkidaten mila euro ordainduko nituzkeenik, baina hori beste hizpide bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.