maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Baxoaren filosofia

2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Aurten ere filosofiako azterketarekin hasi da baxoko azterketa. Baina selektibitatearekin ez bezala, baxoaren kasuan proba bera izaten da frantziar estatuko leku guztietan. Eta lehenengo etsamina bukatu eta berehala, nonahi aurki ditzakezu sarean azterketa eredua eta irakasle jakintsu batzuek emandako erantzun ustez zuzenak. Kuxkuxeatzera sartu naiz, aurtengoa zer izango. Eta ohi den gisan hitz ponpoxoak aurkitu ditut bata bestearen atzetik: desira, egia, askatasuna... Atentzioa eman dit bereziki zientzietako sailekoei egokituriko galderak. Honatx zortzi orrialdeko idazlana egiteko galdera polita: «Injustizia sentitzea beharrezkoa ote da justua dena zer den jakiteko?».

Ironikoa iruditu zait, ez bada fede txarrekoa. Egoera injustuan jartzen baikaitu euskaldunok baxoak: ikasketa guztiak euskaraz egin, eta azkeneko urtean frantsesez ikasi behar izatera bultzatzen gaitu, hizkuntza bakar horretan egin daitekeenez azterketa. Eta bai: injustizia horrek justua zer litzatekeen jakitera garamatza, noski. Justua litzateke norbere hizkuntzan ikasi eta egin ahal izatea azterketak, egitekotan. Baina Frantziako Hezkuntza ministerioak ez du ikusten injustiziarik hor. Agian sentitzen ez duelako?

Letretakoei beste galdera hau egokitu zitzaien: «Kulturak gizatiarrago egiten ote gaitu?». Galdera potoloa hau ere; definitzea eskatzen duena zer den kultura, eta zer gizakia; eta ez da kontu erraza. Ez dakit erantzun egokirik egonen ote den, baina idatzi duenaren ikuspegitik erantzuna baiezkoa bada, orduan gizaki txarragoak gara euskaldunak, gurea ez delako azterketa ofizial bat egiteko moduko hizkuntza. Edo, bestela, kultura apalagokoa euskara.

Frantsesez izatearekin aski ez, eta lehen egunetik argi utzi du baxoak berriz ere zein den bere filosofia. Hizkuntzak eta hiztunak zapaltzeaz gain, bidenabar haiei aurpegira irri egitea. Sotilki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.