Mikele Landa.
LARREPETIT

Lasai egon

2017ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Hogeita piku urte dauzkazu. Denbora da amodio kontuetan inauguratu zinela. Lehenengo musuen ostean etorri ziren maitaleak. Larregi ere ez dituzu izan, bi urtekoa harremanik luzeena. Bikote bizitzari gustua hartzeko beste. Zuen artekoa duela urtebete amaitu zen eta ordutik hona izan dituzu zenbait amorante. Guztiak, ordea, pasarte laburrak izan dira zure bizitzan. Etorkizunik gabeko whatsapp elkarrizketa ezdeusetan disolbatu diren hartu-emanak.

Ligoteo kontua elkarrizketen ohiko gai izaten duzuen konfiantzazko lagunartean zaudela, aitorpena egin duzu: «Joe, azkenaldian ez nabil fin ligeekin...». Zure etsipen tonura batu zaizkizu taldeko gehienak, egoera berdintsuan daudela onartuta. Jarraian, bost bat segundoko isiltasuna, konplizitate begiradei tartea uzteko. Azkenean asperen egin du taldeko batek, eta guztiak kontsolatzeko asmoz mintzatu da: «Lasai egon, aurkituko dugu norekin amaitu eta». Badirudi berba magikoek baretu dutela kuadrillaren giroa. Bigarren isiltasunak irudimenari laga dio arnasa hartzen. Etsipenak esperantzari zabalduta bidea, zu ere alaitu zara une batez.

Baina momentuan konturatu ez zaren arren, elkarrizketaren ondorioz zerbaitek «klik» egin du zure baitan. Esaldi «kontsolagarriko» zazpi hitzetatik bakarra garunetik ezabatu ezinda zabiltza: «amaitu». Bizitza nobela egiturarekin ulertzera ohituta zaude: hasiera, korapiloa eta amaiera. Lehenengoak ukaezin ditu beste bi hankak. Hiruretatik azkenengoa omen da lasaigarriena, dena konpontzen den unea, eper jana eta guzti. Botagura eragin dizu bat-batean konturatzeak agian horretan datzala guztia. Ondo amaitzeko igaro beharreko labirinto bat ahal da korapiloa?

Arestian bekokiko izerdia sikatu dizun esaldi berberak beldur jasanezina eragin dizu oraingoan. Bizitzari buruzko gogoetan, «amaitzea» hitza oinarritzat duen esaldiak lasaitzen bagaitu zerbait txarto egin dugun seinalea dela ohartu zara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.