Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Paralisia

2017ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Paralisi emozionalak jotako herri batean bizi naiz. Kartzelara joan, eta irribarre egiten erakutsi digute. Torturatuei gogor eusteko esan diegu. Hildakoei negarrez egon garenean, kalera ateratzeko deia egin digute. Besteen mina ulertzen erakutsi diot neure buruari, baina nirea inork ulertuko duen esperantzarik ere ez zait gelditzen. Aitzitik, neuk ere ez diot beti neure buruari bere minak onartzen utzi. Aurrera egin beharra dago. Euskalduna definitzen duen esaldirik bada, horixe da bat: aurrera egin behar da, ez dago besterik.

Baina badago besterik. Egin daiteke negar. Esan daiteke nahikoa dela, uzteko mina pasatu arte bakean. Oihu egin daiteke eutsi ezin denean, eta mundua haizea hartzera bidal daiteke munduak ulertzen ez gaituenean. Zergatik ez? Sentimenduak baino ez dira. Bizitzako egoera bakoitzari egoera emozional bat dagokio. Utzi egin behar zaie emozioei gure barrua zeharkatzen, baita norberak eskatu gabe etortzen direnean ere. Baina euskaldunak gogor eusten du, aurrera egiten du; baita barruan bueltaka duen guzti hori behazun bihurtuko bazaio ere.

Badago besterik, bai. Besarkatu ditzakegu lagunak eta esan diezaiekegu heltzeko, erori egingo garela bestela. Egin daiteke negar ahul sentitu gabe. Egin daiteke negar, horma ukabilarekin jotzea alferrik dela badakizulako bakarrik. Nik behin egin nuen. Eta hara non, 2.000 lagunek egin zuten negar nire atzetik. 2.000 lagun, frontoi oso bat. Eta pentsatu nuen beste aukerarik ez, eta aurrera egiten ari ziren haiek guztiek, bazituztela nirearen oso antzerako minak haien barruan, baina inoiz ez zizkidatela kontatu. Aurrera egin behar da, gogorra izan behar da, baina lehenengoa lehertu arte itxaroten dugu gero beste guztiok lehertzeko. Eta negar egin duena mamala, negartia edo ahula dela esaten dugu, baina gure barruan badakigu ausarta izan dela. Gure buruari mila aldiz ukatu dioguna egin duelako: sentitzen duena adierazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.