Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Turistak

2018ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Garai batean terrorismoaren ondorioz gelditzen ziren hotelak bete gabe; orain, klima txarra delako. Kontua da, opor egunak hurbiltzen direnero, telebista eta irratietan bisitatzera etorri zaizkigunak elkarrizketatzen dituztela. Agertzen dira batzuketa besteak, eta esaten digute halako hiritan hotelak beteta daudela, edo gizon gorbatadun batek kontatzen digu nola aurten ez zaizkien gela guztiak bete. Turismoak gurean zein garrantzi duen erakusten du hedabide publikoetan ematen zaion garrantziak. Urteak dira, herritar arruntok konturatu ez baginen ere, azpiegitura garrantzitsuak abiatu zirela turismoak utziko digun diruaren aitzakian. Eta badirudi kalkulua egin zuenak asmatu ere egin zuela. Beste gauza bat da Guggenheimek eman diona eman diezaion, zer kendu zaion Bilbori. Eztabaida hori ez da interesgarria, antza: zenbakiak beste era batera zenbatzen dira hemen.

Eta inoiz pena hartzen dut gurera etorri direnen adierazpenak entzuten ditudanean. Ehuneko ehunari iruditzen zaio izugarri ondo jaten dela Euskal Herrian, ehuneko laurogeiak esaten du jende jatorra garela, ehuneko hirurogeia paisaiak kautibatzen du eta badirudi gure hiriburuen tamainak erakartzen duen bisitaririk ere badela. Eta esango nieke nik hemen badirela hizkuntza, kultura, kirola eta ikusten ez diren ez dakit zenbat gauza. Gustatuko litzaidake esatea ez garela Santimamiñetik atera ziren gizaki haiek: garatu egin garela eta gauza interesgarri asko egiten direla hemen.

Baina ispiluak ez du ia inor engainatzen, eta neuk ere isilarazi egiten dut neure burua. Geuk ere horixe egiten baitugu beste nonbaitera goazenean: gauza topiko eta azalekoekin gelditu, derrigorrean ikusi beharreko lekuak ikustera joan... ez diot, beraz, inori harririk botako. Lau egun libre ditugun aldiro tour inposibleak egiteko joera harrigarri bezain ulertezin hori, askok baitugu oporren beharra eta oporretan urrutira joateko beharra nahasten hasi ginenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.