Mikele Landa.
LARREPETIT

Koaderno-dependentzia

2018ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Pasa den asteburuko goizak mintegi batean igaro ditut, eta jardunaldien bitartean beti aldamenean eramaten dudan koadernoaren azken orriak agortu zaizkit. Ingurura begiratuta, ez naiz esku artean libreta bat duen bakarra. Baina, orriak pasatzeko darabildan abiadura bizkorrari erreparatuta kezkatzen hasi naiz. Ez dakit noiz hartu nuen dena zirriborratzeko ohitura; dela hitzaldi, pelikula edo klase, koadernoa gertu izateko mania. Ikasketak direla medio, etxetik kanpo nagoenetik, nabarmendu zait dependentzia. Badut garaia barrenera so egin eta zerk eragina den asmatzen ahalegintzeko.

Uste dut azalpenik errazena memoriari errua botatzea dela. Nire memoriarekiko segurtasun faltari alegia. Hitzaldira bertaratu izana probetxuzkoa izan dadin, izen-abizenak, datak eta baita kontzeptuak burmuinean zizelkatu nahi izatearen albo kaltea. Beraz, oroimena externalizatzeko beste ahalegin bat baino ez dela otu zait. Barneratu ez dudan zerbait nigan izateko ahalegina, hain zuzen. Mugikorra eskura edukitzeko beharrarekin alderagarria. Ez dakizkidanak, mingain puntan eduki beharrean atzamar puntan izatearekin konforme geratzen hasi naizelako. Hots, gogoratzeko ahaleginak baretzen dizkidalako zerbait koadernoan idatzita dagoela jakiteak, Interneten dagoela jakiteak lasaitzen hasi nauen (gaituen) antzera. Hori bai kezkagarria! Ordea, koaderno-dependentziaren atzean bada beste zerbait. Asteburuko berba zirriborroetan zehar atzamarra pasatzen ari naizela ohartu bainaiz hitzaldia gaztelaniaz entzun nuen arren, hitzak euskaraz izkiriatu nituela. Libretarekiko dependentzia itzulpengintza inkontziente konpultsiboarekin lotu, eta hara hor azalpena. Belar freskoa irentsi berri duen behia banintz bezala, nik ere entzundakoak digeritzeko gibel anitzeko hausnarketa prozesua pasatzen dut. Berbak erdaratik ama hizkuntzara ekartzeko aukera ematen dit kaierak. Horrela, itzulpena egitean berbak kontzeptu bilakatzen ditut, eta, kopiatu beharrean, hausnartuta ulertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.