maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Seinaleak

2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Ez naiz naturaren seinaleak gehiegi interpretatu zalea, baina badira batzuk hutsik egiten ez dutenak. Gorputzean aldaba jotzen dizutenak ahuleziarik ñimiñoena sentitu orduko. Klasikoetako bat izaten da, adibidez, herpesa. Egunean ordu gutxi lo egin eta estresak jota zaudenean, hortxe agertzen zaizu, kosk, ezpainean berotasun deserosoa emanez, eta ondotik apaindura ederra. Garaiz harrapatzen baduzu, eta pazientziazkoa bazara, zorionekoa zu: agian geldituko, ezkutatuko duzu. Baina bagara batzuk ezin atxiki eta sendatu aurretik erraietatik atera nahi izaten dugunak, eta orduan kroniko bilakatzen da bolada txiki bateko seinalea zena. Nik ez nekien, baina sudurraren azpian ere atera daitekeela deskubritu nuen martxoan.

Beste klasiko bat: psoriasia. Ukondo eta eskuak gorrituz joaten zaiena batzuei, gogo-egoera belztu nola. Eta beste batzuk agian hain zuzenak ez diruditenak, baina lotuak daudenak maiz egoera zailei: ahotsa galtzea, mukiak... Finean, gorputzari ahal duena baino gehiago eskatzen diogunean, kexatu egiten den seinale, besterik ez. Eta kasurik egiten ez diogunean, beti dauka berak hordago handiagoa: oporrak hartu nahi zenituela? Bada, har itzazu, eta orduan etorriko da gripea, gastroenteritisa edo hileroko mina bueltan.

Niri aste honetan naturak ez, bizitzak ekarri dit seinalea, dirudienez. Noiz eta lanez eta denboraz inoiz baino larriago nenbilenean, ttak, autoko kristala hautsi eta motxila ebatsi ez didate ba!? Eta barruan, noski, ordenagailua, eta apunteak, eta agenda, eta koadernoa... Biluzik sentitzeko adinako lapurreta. Baina ni, badaezpada, aurrera. Motxilarik gabe, denborarik gabe, osasunik gabe, apunterik gabe... utziko bainaute. Baina nire egoskorkeriak zutik iraunen du. Eta zu ere hala bazaude, zaude lasai, zaude ziur, atxikiko duzula. Seinaleak alferrikakoak baitira, irakurri nahi ez dituztenen gorputzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.