LARREPETIT

Espazio... publikoa?

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko maiatzak 23
Bosgarren egunera iritsiko da gaur hainbat kolektibok elkarlanean antolaturiko Bizitza Da Handiena dinamika. Herritarren aurka hartzen ari diren politikak salatzeko antolatu dute borroka astea, baita bizitza erdigunean jartzea eskatzeko ere, izenburuak berak dioenez. Eraikin publiko bat okupatuta eman zioten hasiera mobilizazio sortari larunbatean. 2002tik zegoen hutsik Idiakez kaleko 6.eko blokea, eta, aldarrikatu dutenez, herritarren eskura beharko luke: «Espazio publikoak ez dira administrazioarenak, herritarronak dira, publiko hitzak ongi dioenez».

Botereari, baina, ez zaio gehiegi gustatzen espazio publikoa borrokarako erabiltzea. Horretarako sortu zuen Madrilek mozal legea, zeina Hego Euskal Herriko instituzioek arbuiatzen dutela adierazi arren, praktikan erabiltzen ari diren borrokak isiltzeko. Horren adibide dira herri mugimenduak jasotzen ari diren gero eta isun ugari eta handiagoak. Azkenekoa, Askekintzari: 7.200 euroko isuna jarri diete santomasetan txerriaren erakusketaren aurkako ekintza egiteagatik.

Bizitza Da Handiena dinamikari ere eman diote abisua. Aste osoko egitarauaren barruan alfonbra gorri bat lurrean jarrita Ernaiko hainbat kidek agerraldia eskaini zuten asteartean, salatzeko iaz turistifikazio prozesuaren aurka Arrizul hotelean egindako okupazio sinbolikoagatik prozedura judiziala abiatu dutela haien aurka. Agerraldia egiteko baimenik ez zeukatela-eta gazte bat identifikatu zuten ertzainek, baita beste bat ere, euskaraz zuzentzeko eskatzeagatik. Eta pare bat kazetari ere bai, bidenabar. Bitartean, turistak Donostiako kaleak nahieran erabiltzen, tokikoen bizitza eraldatuta. Haiek baimenik eskatuko ote zuten espazio publikoa masiboki okupatzeko?

Adibide batzuk baino ez dira, baina argi erakusten dutenak espazio publikoa nork, nola eta zertarako erabil dezakeen; eta nork, nola eta zertarako ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna