Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Nekea

2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Federik itsuena dutenak ere, larritu egiten omen dira beste mundura joateko ordua heltzen zaienean. Azken bidaia bat-batean gertatzen denean, agurrik esateko astirik ez dagoenean, gogorra izaten da ingurukoentzat. Agur esateko aukera dagoenean ostera, ez dakigu zer darabilen buruan maleta prestatzen ari denak, eta behin joanda, ez du postalik bidaltzeko aukerarik izango. Horixe gertatzen baita heriotzarekin: bizitzan behin hilko gara, baina inork ez dakigu zelakoa izango den momentu hori, eta behin pasatuta, ez dugu inori kontatzeko modurik izango. Niri neuri, hotzikara ematen dit heriotzaz pentsatzeak; beldurra ematen didate ezezagunak, hutsak, ezerezak, amaierak.

Agian horregatik itsatsi zaizkit begiak David Goodallen historian. 104 urte beteta, bizitzeaz nekatuta, hil egin nahi duela erabaki du. Horretarako, Australiatik Suitzaraino joan da. Han aukeratu egin baitaiteke noiz hil. Eta ohituta gaude, gurera ere eztabaida hori heldu delako, sufritzen ari direnek, gaixotasun sendaezinak dituztenek, hiltzeko erabakia hartu dutela entzutera. Kontua da, gizon honen kasuan, ez dagoela minik: bizitzearen nekea besterik ez.

Eta pentsatzen jarri naiz gu jaio ginenerako munduari zenbait buelta emanda zeuden haiek ere, lasaitasunez itxaron izan diotela heriotzari. Bere injustizia eterno horretan ere, heriotza beti ez baita berdina. Hildakoaren adinak asko aldatzen ditu hileta osteko elkarrizketak. Orain eta hemen pentsaezina egiten zait bizitzeaz neka daitekeenik, baina pausoa laburtu ahala, norbere zikloaren amaiera onartu egiten delakoan nago. Eta horrela agurtu gaitu Amuma Teresak aste honetan: isil-isilik. Eta horrela agurtu dugu guk bera: minez, baina harro. Inoiz ez da momentu egokia agur esateko, eta norbere geografia humanoa osatzen dutenak inoiz ez dira hiltzeko bezain zahar ikusten, baina behin adin batera ezkero, gauza normalena hiltzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.