Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Katuak

2017ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Sagutxo kaxkarina erratza pasatzen ari zen etxe aurrean astoa etorri zenean. Hain zen dotorea sagutxoa, ze astoak harekin ezkontzeko gogoa agertu baitzuen. Sagutxoak ezetz esan zion. Astoek bestelako fama badute ere, ezetzak esan nahi duena lehenengoan ulertu zuen honek asto honek. Jendeak, ordea, ez zion ondo begiratzen. Haren ostetik, oilarra etorri zen sagutxoaren etxe aurrera. Oilarrari mundu guztiak esaten zion baietz, nola ez ba? Haren luma, haren gandor, haren ibilkera ikusgarriak ziren. Sagutxoak, ordea, zerbait arraroa sumatzen asmatu zuen halako pelajearen azpian, eta haizea hartzera bidali zuen. Inork ez zuen ulertu nola esan zion oilarrari ezetz, baina pentsatzekoa zen sagutxo arrunt bati ezetz esango ziola. Kaxkarina deitzen zioten, baina bazuen sagutxoak aukeratzeko gaitasuna, bazuen zer nahi zuen erabakitzeko duintasuna. Katua etorri zenean, baina, guztia pikutara joan zen. Haren miau gozoek oilo ipurdia jarri ziotenerako, arrazoiari agur egin zion gure sagutxoak. Ez sagutxoak bakarrik: herri guztiak sinestu zuen katua bere ohiko izaeratik gozotuta zegoela. Sagua jan zuenean, han agertu ziren bizilagun guztiak telebistan harrituta hizketan: bikote arrunta ziren, guk ez dugu ezer nabaritu. Baina katuak, benetan, inoiz ez zion utzi katu izateari.

Eta guk ikusten ditugu gure inguruan sagutxoak, gurekin manifestazioetan ibiltzen direnak, unibertsitatean ohorezko matrikulak atera dituztenak, munduari bira bakarrik eman diotenak, kirolean bidea urratu dutenak... baina ohean katua dutenak. Eta guk ikusten dugu katuak nola eramaten dituen etxera berak nahi duenean, nola aldatzen duten janzkera katuaren arabera, nola gutxiesten dituen katuak zeure muturren aurrean, nola urruntzen dituen beraien inguru hurbiletik edo nola lortzen duten eztabaida guztien errua saguarena izatea. Eta hala ere, saguak azala urratuta duela ikusi arte, ez dugu erreakzionatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.