maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Elkarrizketa

2017ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Sare sozialen bidez zabaldu diren bortizkeria irudiekin alderatuta, zortea izan genuen joan den igandean guk Kataluniako erreferendumean. Bozkatzera joateko ilara amaiezinak, adin eta itxura guztietako jendearen batasuna, kantuak, aldarriak eta txaloak... besterik ez genuen begiz ikusi eta belarriz entzun Sants auzoan bisitatu genituen hiru eskoletan. Goizeko ordu txikietatik esna, iluntzeko 20:00ak pasatuta Bartzelonako kaleetan barrena hango lagunaren etxera bueltan gindoazela entzun nituen Mariano Rajoyren hitzak, hainbeste erabilita datuak ia xahutuak zituen mugikorretik. Ez dizkizuet transkribatuko, zuek ere entzun izanen baitituzue. Gogoan dut guk ikusi eta entzun genuen guztiaren guztiz kontrakoa esan zuela, eta erabateko segurtamenez, gainera. Bazirudien bi errealitate arras diferente bizituak genituela urriaren 1 horretan.

Ondoko egunetan ere entzun ditut hemengo eta hango politikarien adierazpenak. Espainiako Gobernuko kideak, batetik, Rajoyren ildotik; nazioarteko prentsa eta Kataluniako independentistak, bestetik, guztiz kontrakoa erraten. Elkarrizketarako deia entzun dut askoren ahotik, ere bai: bortizkeria alde batera utzi eta mahai baten bueltan eseri beharko luketela. Irudikatu ditut, beraz, Carles Puigdemont eta Rajoy Moncloan ala Generalitatean elkarrizketa hori abiatzen kafe baten bueltan. «Kaixo Carles, zer moduz?» hasiko litzateke Rajoy, «Pixka bat nekatuta, badakizu, erreferenduma-eta...» erantzungo lioke Gironakoak. «Baina nola erreferenduma? Hori pantomima bat baino ez zen izan» Rajoyk, bekaina zimurtuta. «Zuen bortizkeriak zapuztu zuelako», kexu Puigdemontek. «Baina zein bortizkeria? Independentistena, ezta?». Eta horrela segituko lukete, harik eta adostasun batera iritsi eta elkar besarkatuko luketen arte.

Polita litzateke, bai, hala gertatuko balitz; baina niri zaila egiten zait irudikatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.