Mikele Landa.
LARREPETIT

Gizabanakoa

2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ei! Zein da zure kolorerik gogokoena? Eta lorerik gogokoena? Esan musika talde bat. Bota betidanik bertara bidaiatzea gustatuko litzaizukeen herrialdea.Zein da zure urtarorik maitatuena? Eta zazpietatik zein da nahiago duzun asteko eguna? Tik tak. Seguru galdera guztiei erantzuna eman diezula eta behin baino gehiagotan lagunartean harro aldarrikatu duzula baten bat. Zirrara berezi batekin. Zure izatearen parte zatiezina balitz bezala. Daukazun identitate sakonaren beste erpin bat.

Noizbehinka beharrizana sentitu izan duzu besaurreko ileak tente ipintzen dizkizun hori zer den lau haizeetara zabaltzeko. Aldarrikapena egin eta denbora gutxira lagunen batek, originaltasun sentipen osoarekin, zuk gustuko duzun hori bere egiten duenean, eztenkada sentitzen duzu tripan.Amorru atximurkada irrazional bat. Ordu arte lagunartean bereizgarri egiten zintuen hori lapurtu dizute.

Lapurtu diot, identitatearen jabetzaz ari naizelako. Bizi dugun gizartean onartuak izan nahi badugu, gure ondasun baliotsuenetarikoen artean bereizgarri egiten gaituen zerbait eduki beharko dugu. Hala azaldu zuen Zygmunt Baumanek bere Bizitza likidoa lanean: «Banakotasuna gizabanakoen gizarteak bere kideei jartzen dien ezinbesteko eginkizuna da».

Esaldiak horrela jarraitzen du: «Eginkizun hori, ordea, ezinezkoa da burutzea». Paradoxa baten aurrean gaude; izan ere, Baumanen hitzetan, gizabanako bat izateak taldeko beste guztiak bezalakoa izatea esan nahi du. Baina, arestian azaldu bezala, kide bakoitzaren betebeharra banakotasuna lortzea bada xedea lortzeko modu bakarra, hots, benetan indibiduala izateko modu bakarra, gizabanako izateari uztea izango litzateke, horrek dakartzan ondorio guztiekin.

2005ean plazaratu zuen soziologo poloniarrak hausnarketa. Baina esango nuke hamar urte geroago eskuratu duela gogoetak zentzu gorena. Bestela, zer da ba hipsterra izatea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.