LARREPETIT

Konplexuak II: estatua

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2017ko urriak 25
Denok aritu gara noizbait mundua konpontzen taberna zuloetako elkarrizketetan. Kafea, ardoa ala garagardoa lagun, baten ala bestearen hautu politikoa kritikatzen, edota guk nola egingo genukeen irudikatzen. Gogoan dut nola-halako eztabaidaren batean estatuaren kontra jardun genuen sutsuki artean adin nagusigora iritsiak ez ginen bi lagunok, gu baino zaharragoak ziren herritar batzuekin ezbaian. Askatasun grinak bultzatzen gintuen, independentzia bai, baina estaturik ez genuela nahi esatera. Estatua, finean, zapaltzailea izanen zelako, euskalduna izanik ere.

Kontuak aldatu egiten dira, ordea, taberna zuloetatik atera eta errealitatera salto egiten dugunean, eta gaur egun onartu egiten dugu independentzia eraikiko badugu hori euskal estatuaren bidez izango dela. Eta gure lana izango dela besteak bezain zapaltzaile izan ez dadin gure nahietatik antzekoagoa dena eraikitzea.

Ikusten dut halere badirela egitura politikoaren aurka sutsuki mintzatzen segitzen dutenak. Kapitalaren mesedetan eraikitako sistema baita estatua, diotenez. Eta hala izango da zentzu handi batean, bai, ados naiz. Baina kontua da estatuan ez bada beste zertan izango duen isla independentziak. Eta estatua ez bada, zer izango da eraikiko duguna? Badugu konfederalismo demokratikoa bezalako sistemarik eraikitzerik gaur egungo baldintzetan?

Estatua ez baita soilik telebistan agertzen diren politikarien gobernua. Estatua dagoelako une oro eta leku guztietan: jasotzen ditugun diru laguntzetan, ordaintzen dugun argian, erosten ditugun jakietan, debekatzen ala arautzen dizkiguten jokabideetan, eskolan, eta zerrendatzea amaiezina litzatekeen adina tokitan. Eta gurea eraikitzen ez dugun bitartean, leku guztietan presente dagoen hori, espainiar ala frantses estatua izango da; beste bat eraikitzen ez dugun artean, segituko dugu, berriro ere, beste horiek elikatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna