LARREPETIT

Niri ere bai

Onintza Enbeita -

2017ko urriak 27
Niri ere gertatu zait. Parranda egin eta neure kotxerantz nindoala, bere kotxera sartu nahi izan ninduen gizon batek. Beste gizon batek lagundu zidan haren besoetatik ihes egiten. Urte batzuk joan dira harrezkero, eta akordu lausoa baino ez daukat. Baina inoiz eraso sexualik edo jasan dudan galdetzen didatenean, horretaz gogoratzen naiz lehenengo. Inoiz pentsatu izan dut hori izan dela jasan dudan eraso bakarra. Zoritxarrez, askoz gehiago izan dira.

Ikusi ditut Europako Parlamentuan hainbat emakumezko diputatu me too traolarekin, eta irakurri dut hainbat lagunen Facebookeko horman ni ere bai. Eta pentsatzen hasi naiz ea egongo den emakumerik munduan inoiz, inola, inork eraso egin ez dionik. Eta neure buruari galdetu bezala, neure buruari ezetz erantzun diot.

Erasoa baita politika egin nahi duzulako lodia, itsusia eta larrutan gaizki egindakoa zarela entzutea. Eta erasoa da zure ideologia feministaren graduaren arabera zure maitatzeko gaitasuna neurtzea. Eta erasoa da zure gorputzaren bolumenaren arabera maitasunik merezi duzun edo ez erabakitzea. Eta erasoa da intimitatean egitea gustatzen zaizunaren arabera moja edo puta zaren deliberatzea. Eta erasoa da zapatilekin eta trajearekin doan norbaiten ondoan arropa tirantedunarekin eta hogei zentimetroko takoiekin egon behar izatea. Eta erasoa da bolada erre bat pasatzen ari zarelako zakila falta zaizula entzutea. Eta erasoa da irratian bakarrik lo egiten duzula esan duzulako mezuak jasotzea etengabe. Eta erasoa da mezu horiei ezetz erantzun diezulako gezurtia eta galtzontzillo berotzailea zarela esaten dutenak jasan behar izatea.

Eta guzti hau gertatzen zaigu gaur egungo gizartearen hariak mugitzen dituztenentzat erasoa delako gure existentzia hutsa. Eta antolatzen garenean, eraso egiten digutela aurpegiratzen diegunean, hormaren kontra sentitzen dira. Eta askoz ere hobeto bizi izan dira hormaren kontra besteok jarri izan gaituztenean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna