Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Noraeza

2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Tipologia askotako aberatsak elkartu dituzte Londresen, jardunaldi batean. Guztiek daukate diru asko edo titulu handiren bat: halako bankuko burua da bata, azken hiru belaunaldietan inork ez daki zein zerutik jausitako diruarekin aberastu den familiako kidea bestea, burtsan gorengo dabilen enpresako zuzendaria ere artean da... espero genezakeenaren kontra, sistema kapitalista kritikatu egin dute. Gauzak ez omen doaz ondo. Munduko ekonomia sistemak norabidea galdu ei du.

Orduan bat pentsatzen hasten da ea zerk eraman dituen halako kezka izatera: lehen baino diru gutxiago irabazten dute, edo benetan konturatu dira baliabide natural zein artifizial oro lehertzeraino ustiatu dutela? Ez dakit nik. Edozelan ere, norabiderik gabe ikusten duten sistema kapitalista anker hau nora doan definitzea errazagoa da nora ez doan jakitea baino: orain goazen moduan, amildegian gara laster.

Pertsonalki, benetan kezkatzen nauena da ea zer egingo duten norabidea zuzendu nahian hasten badira. Pentsatzekoa baita ez daudela 1917ko Errusiari edo 1959ko Kubari begira. Sistema ekonomiko horiek, sozialistak edo ez, noraezean egon orduko kritikatu zituzten badaezpada; zer gerta ere. Imajinatu dezaket zergak ez ordaintzeak dituen kalteei buruz hitz egiten egon diren paradisu fiskaltzale hauek, mahai baten bueltan esertzen direnean, zelako ideiak izango dituzten. Kantuak zioen moduan, lehenengo euren soldata igoko dute eta gero beste guztiona jaitsi. Eta bitartean, gu joango gara goizero lanera eta egingo dugu amets dirua aurrezten dugunean zer erosi, eta ez gara konturatuko, amestu arazi dizkiguten produktu horiek erosi beharra dela gu geu noraezera eraman gaituena. Eta guretzat produktu beharrezkoa edo desiragarria zein izan behar den deliberatu dutenek begiak beste leku batera bideratzen dizkigutenean esango dute noraeza amaitu zaiela. Guk haiek nahi dutena erosten jarraitzea baita kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.