Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Julen

2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ez dizugu zeuri inoiz esan, baina umeak ginenean, Marlboroko iragarkiko gizonaren antza hartzen genizun. Guk ulertzen ez genituen arrazoiengatik zinen gure geografia humanoaren parte, baina hor zeunden. Amaren lankidea zinen. Denborarekin ulertu genuen gure bizitzaren parte baino gehiago, gure historia hurbilaren parte izan zarela. Nonbait irakurri genuen Burgosko epaiketa famatu hartan ere izan zinela. Dena den, ez dakit behar den moduan ulertu dugun noraino izan zaren. Izan ere, beti egon zara gure ondoan, beti izan zara bat gehiago: protagonismorik gabe, eta ari zirenekiko errespetu osoz. Zenbat aldiz egon gara elkarrekin, Julen, manifestazioetan, batzarretan, bertso saioetan, Korrikan... bada, inoiz ez dizut entzun «gure garaian» berbetatik hasitako esaldirik. Eta horrek berezi egin zaitu.

1990eko hamarkadan inork kalkulatu ezin dituen beste sumario ireki ziren Ezker Abertzalearen kontra, eta halako batean atxilotu egin zintuzten. Gu estu geunden, baina zuk lasai hitz egin zenigun: «Burgosko prozesutik hona egindako guztiaren errepasoa egin deustie, baita ahaztuta euki dodazenana be». Hori esan eta gero, ume okerraren irribarre hori egin zenigun. Baita bertso bazkari batean oraindik ere ofizialki abadea zarela esan zenigunean ere. Esan zenigun ea nor zen aita santua edo Vatikanoa zuri zer zaren eta zer ez esateko. Eta irribarre hori orduan ere.

Eta irribarre hori egin zenidan Busturian bertsolari bat badela esan zenidanean. Ze poza, azkenean! Barkatzeko, esaten zenidan, orain faboritoak banatuago izango zenituela. Eta nola ez barkatu; nola ez egin barre zuk irribarre egiten zenigunean.

Zarata handirik atera gabe utzi gaituzu. Zurrumurruek diote Marlboroko iragarkiko gizonaren antza zuen gizon hura betirako joan dela. Baina zure irribarrea, Julenen irribarrea, ez digu denborak itzaliko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.