maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Gure 'black friday'

2017ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ez zait sekula gustatu hiri kanpoaldeetako saltoki handietara joatea. Jendea harat honatean, erosleen zarata, saltokiaren beraren irratia martxan, produktu lerro amaigabeak, beherapenen kartel dirdaitsuak nonahi... Irentsi egiten gaituzte halako tokiek, eta nahi ez dugun hori erostera ia behartu ere bai. Nor ez da joan supermerkatura hamar gauzako zerrenda batekin eta karroa beteta eta sakelak erdi hutsik bueltatu etxera?

Baina kontuak kontu, gustatu ala ez, eta horiek saihesteko inguruko kontsumo elkarte edo denda txikietan kontsumitu arren, beti suertatzen da horietara joateko beharren bat. Herriko dendan saltzen ez duten kable espezifikoren bat, ala diru nahikorik ez badago oinarrizko elikagaiak merkeago erosteko aukera. Nork ez zuen baliatu duela bi asteko black friday egun madarikatua aspaldi erosi beharreko zer garesti hori merkexeago zegoelako?

Konparazioa gehiegizkoa da agian, baina batzuetan halako kutsu bat hartzen diot gaur hasi eta igandera arte ateak zabalik izanen dituen Durangoko Azokari. Euskal kulturgintzako produktu ustez onak izanagatik salerosgai, eta beste hamaika ikuskizun ikusgai zeina partez, ederra iruditzen zaidan, joanen gara, halere, erosi beharreko gauzen zerrendarekin Jenisjoplin, Infrasoinuak eta Plastikozko Loreak nirean eta bueltatuko beste hamaika deskubrimendurekin zakuan, seguru.

Pasatuko gara, halaber, korridore zaratatsuetatik, agurtuko ditugu aspaldikoak, eta botako dugu parranda eder bat alde zaharreko taberna zuloetan. Gero etxera itzulita entzungo dugu diskoa autoan, eta liburuak irakurtzeko denbora izateko itxaropenez jarriko ditugu apaletan. Eta bueltatuko gara etxera zalantza horrekin: euskal kultur kontsumismo horrek agian kalte egin arren, onik eginen ote dion gure kapital kulturalari. Kontraesanak kontraesan, han ikusiko dugu elkar. Beraz, zorterik onena guztiei!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.