Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Abendua

2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Abenduak tristatu egiten du. Astelehenero etortzen da azokara, eta neuk ere igarri egiten diot orain ilunago dabilela. Kaleetako argiak piztu dituztelako ere, haserre dago. Ez du zergatia azaltzen jakin, baina jenioa pizten diote distira urdin eta zuri horiek. Oporretara joatea gomendatu diot, baina bere erantzunak neure lekuan jarri nau: «Eta munduko zein lekutan ez da orain abendua izango, bada?». Pozik ikusi nahi dut, baina ez diot hitz egitearren hitz egin nahi. Pasatuko dela esan diot, uzteko joaten. Hogeita hamaika egun asko direla iruditzen zaio hari.

Lehen, karakolak ere garbitu eta prestatu egiten omen zituen. Orain, inork garbitutakoak ere ez ditu prestatzen. Senarra hil zitzaionetik maitasun handirik gabe sukaldatzen ei du. Seme-alabek eta ilobek ez dakite zer nahi duten ere antza, eta erotu egiten dute. Hutsuneak hutsune, lehen ere senarrarekin gutxi ibilitakoa dela aitortu diot, eta arrazoia eman dit: «Baina etxera joan eta laguna han izatea, ondoan, gauza ederra da.Edozer dela ere, isilik bada ere, ondoan». Orain, Gabonetako mahai betean aulki hutsa ikusten du.

Eta berea gutxi balitz presoak ere hor daudela esan dit. Manifestazioetara joaten daramatzagun urteak zenbatzen saiatu gara. Bizitza osoa erantzun diot, baina ez naiz konturatu haren eta nire bizitzaren artean dagoen aldeaz. Ni erdi nekatuta banago, hark nekatuta eta erdi egon behar du. Eta bai, nazkatuta ei dago: abenduaren hogeita hamaikan kontzentraziora joan eta gero ardo batzuk hartzeaz, pozik egon beharraz, geure burua justifikatu beharraz, arazorik ez balego lez kopa altxatzeaz, barkamenaz, biktimismoaz... adinak ematen dion pribilegio horretatik mundu guztia haizea hartzera bidali du, neu barne. Presoak etxera ekarri nahi ditu, eta kito, «ez dut beste ezerekin justifikatu behar». Abendua pasatuko da, eta arrazoia izaten jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.