Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Marichuyren ispilua

2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Bihar 24 urte Chiapas etxean sartu zitzaigula. Urteberri egunez jarri zen indarrean Kanadaren, Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko Merkataritza Librearen Ituna eta egun hori berori aukeratu zuen Armada Zapatistak San Cristobal de las Casas, Altamirano, Las Margaritas, Ocosingo, Chanal, Huixtan eta Oxchuc hartzeko. Hamabi egun iraun zuen aurreneko round-ak, Salinas de Gortari presidenteak erasoei uzteko agindu zion arte Mexikoko armadari. Zapatisten eta militarren arteko borrokek 108 hildako eragin zituzten.

Ezustean harrapatu zuen Chiapasek mundua. Gerrillariek ez ohiko elementu asko jarri zuten mahai gainean: ez zuten berehelako botere-hartzea nahi, kultura politiko berria eskatzen zuten, milioika indigenen egoera salatzen. Atoan suntsitu ez zituztenez, publizitate gerra bilakatu zitzaigun dena. Alde batetik, administrazio ustela eta bere nazioarteko makineria; bestetik, hizkera politiko berria, freskotasunarekin nahaste halako ilusio naifa zekarrena. Komunikatzaile bikaina zen Marcos komandanteordea. Zoragarri idazten zuen, literaturaz bezainbeste baliatzen zen publizitatearen amarruez, jakitun zen estetikak eman zezakeenaz... eta zuria zen.

Ia mende laurdenera, gauzak ez dira ikaragarri aldatu Chiapasen. Ustelek segitzen dute hagintean eta ameslariek kaputxapean. Mundua, aldiz, aspertu egin da itxaroteaz. Denboraren beste pertzepzio bat baita gurea, beste zerbait behar du berehalako emaitzen gizarteak.

Maria de Jesus Patricio Martinez Marichuy deitzen da zapatismoak eta Batzar Nazional Indigenak Mexikoko hauteskunde federaletarako aurkeztu duten hautagaiak. Emakumea da, indigena, eta orain hogeita bost urteko eskaerak dakartza egitarauan. Neoliberalismoa salatzen du, emakumea jartzen erdigunean, duintasuna aldarrikatzen sistemak bazterrean utzi dituenarentzat.

Ezer interesgarririk ez, dena ikusia dugun paternalista eszeptikoontzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.