Mikele Landa.
LARREPETIT

Lehen erretratua

2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Plinio Zaharraren kondaira batek dio Antzinako Greziako Butadesek asmatu zuela eskultura eta bere alaba Korak erretratua. Amodio istorio batekin hasi omen zen dena. Koraren maitalea gudu zelaira alde egitekoa zen eta neskak bikotearen absentzian, honen aurpegia ikusten jarraitu ahal izateko, kandela baten argiak horman sortutako mutilaren itzala margotu zuen. Ordea, gaztea ez zen batailatik itzuli eta Butadesek, alabaren tristura ikusita, hormako marrazkia buztinez bete eta hildako maitalearen forma eman zion, Korak egunero besarkatzeko aukera izan zezan.

Norbait berriz ere ikusiko ez dugula jakiteak beldurra dakar berarekin. Izutu egiten gaitu sinesteak denbora kontua dela dena. Azkenean, gordetzeko ahaleginean esku ahurraz harrapatutako elur maluta bailitzan, haren aurpegiaren soslaia urtzen joango dela gure gogoan. Horregatik, bere begiak, sudurra, orbanak eta zimurrak mentalki errepasatzen ditugu. Memorian ahalik eta zehatzen iltzatzeko ahaleginean. Erretratu mentalekin nahiko izango ez eta badaezpada argazkiz eta bideoz hornitzen gara. Antzera gertatzen zaigu bisitatutako tokiekin eta bizitako auziekin. Hango eta hemengo hondartzetako harriekin betetzen ditugu poltsikoak, gordetzen ditugu kafetegietako musuzapiak karteran. Etxean gaudenean, bildutakoak esku artean hartu ahal izateko eta oroitzeko. Iraganetik ekarritako orainaldi zatiak katalizatzaile.

Beste batzuetan, baina aro berri honetan bereziki, memoria difuminatzeko beldurra sentitu aurretik ere pilatzen ditugu oroigarriok. Ezinezkoa da ahanzturak dakarren izua sentitzea gogoan gordetzeko ahaleginik egin ezean. Koraren lekuan jarrita maitalearen aurpegiari luze so egin aurretik marrazten dugu bere itzalaren ingera. Itsasertzean paseatu aurretik poltsikoratzen dugu harria, ateratzen dugu argazkia, filmatzen dugu gertakaria; eta susmoa daukat ez ote garen ari oroimena ezabatuko zaigun beldurrari diogun beldurrez memoria hutsik uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.