Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Batua, futbolariak eta idazleak

2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Imajinatu ezetz, Iñigo Martinezek ez duela transkripzio fonetiko bat egin bere ahozko euskaratik. Imajinatu idatzi duela euskara batu batean. Imajinatu egiten duela Pep Guardiolak katalana nola: tresna transferible batekin, hizkuntzalaria izan gabe ikas dezakezun hizkuntza bat bezala. Imajinatu, gainera, euskarak balitu futbolariak kezkatzen direnak bizi diren gizarteaz, demokraziaz.

Baina ez. Berreskura dezagun, une batez, hizkuntzaren eta kulturaren inguruko eztabaida honetan, nolabaiteko sosegua. Uler dezagun futbolariaren lana paseak egitea golak sartzea baloiak gelditzea dela. Badirela, egia da, lan hori egiteaz gain Aitor Agirre, Sergio Manzanera, Socrates eta Maradona bezalakoak. Euren hautesbarrutietatik kanpo ere ongi gobernatzen dakitenak. Baina euskaldunok euskararekin dauzkagun gabeziak nabarmen ulertzeko liburu bat ekarri du bueltan Frantziako Errepublikako abagune politikoak: Maurras a Catalunya: elements per a un debat (Cuaderns Crema). Askoren artean idatzitako dibulgaziozko liburu bat da. Lantzen da Action Française eskuin muturreko mugimendu antierromantiko frantsesak Pirinioen hegoaldeko kultura eta politika katalanean izan zuen eragina. Kapituluz kapitulu nabarmen gelditzen da XIX. mendetik XX. menderako jauzi horretan bazela Katalunian eztabaida politiko kultu bat katalanez egiten zena, Europara konektatuta. Eta bitartean gu non ginen? Batxi, Lauaxeta, Orixe, Mirande, Ibiñagabeitia: ados. Baina ez, agian gu oraindik Iñigo Martinez gara: alfabetatuak (badakigu letrak dekodetzen) baina inkultuak (unibertsitatetik haur eskoletara, telebistatik tokiko aldizkarira). Ez genituen Action Françaisen garaian ez literaturan ezta politikan Josep Pla, Francesc Cambo, Eugeni d'Ors, Foix edota Pere Coromines izan. Nekez izango du euskarak Pep Guardiola; gaurko La Vanguardia-ren katalanezko edizioa hartu eta Deia-ren edizio elebiduna hartzea besterik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.