Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Ispilua

2018ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Nire begiez begiratuta emakume gutxi daude bera bezain ederrak. Hirurogeita hamar hurbilago ditu hirurogei baino, baina gaztetan bezain ibilkera dotorea dauka. Begirada zoli, bizitza transmititzen du oraindik. Hori azalari begiratuta, azalaren azpian infinitua gordetzen du. Baina ispiluak ez omen du engainatzen, eta barra kodeari begira, haserretu egiten da. Ez, barra kodea esaten duenean ez da kontrol sozialerako tresnez ari, ezpainen gainean bertikalean atera zaizkion zimurrez baizik. Ezin dut ulertu bere burua nola ez duen eder ikusten, baina ulertzen dut hori guztioi gertatzen zaigula ispiluaren aurrean.

Orduan, aitorpenen errenkada hasi da. Ez gaude jende asko mahai bueltan, baina gauden guztiok emakumeak gara. Adinez elkarrengandik urruti gaude, baina denboraren joanak azala zimurtzeak gehienak kezkatzen ditu, zaharrena izan ezik. Hura kezkatzen duena da, neure moduan, azalak lehertu orduko zenbat eman dezakeen. Krema garestiak, operazioen beldurrak, gustuak eta disgustuak erori zaizkigu mahai gainera.

Bat-batean ia oihuka ari naiz ederrak direla esaten. Ez dakit zenbat aldiz esan dudan ez duela merezi azido hialuronikotan dirua gastatzea, denborari ezin zaiola irabazi. Bihotzetik atera zait ordainduko nukeena haien adinean horrela egotea dela. Alferrik da: haiek aurrean daukaten ispilua ez naiz ni.

Haiek aurrean daukaten ispilua neuk daukadan ispilua da: gizartea, gure edertasunaren izenean aberasten ari den sistema kapitalista eta gizonek eraikitako mundua. Eta ispilu horren beste aldean dagoena pozik egon dadin zenbat diru eta energia gastatzen dugun egunero. Eta nola garbitu diguten burua urte luzeetan zimurrak ederrak ez direla esanez, ileak nola desagerrarazi erakutsiz, loditasunari bainak jarriz, luzera estandarra inposatuz... eta nola kostatzen zaigun oraindik ere ispilu konplizeagoak aurkitzea. Elkarren ispiluak izan behar genuke: geure buruarengan eta besteengan ikusten dugun hori guztia sinesteko gai izateko modu bakarra izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.