LARREPETIT

Aztarnak irakurgai (II)

Mikele Landa -

2018ko apirilak 12
Joan den astetik hona irakurri ahal duzu aztarnarik? Topatu ahal duzu liburuaren aurreko erabiltzailearen zantzurik? Orri-markatzaile ahazturen bat? Kafe zipriztinen bat berbaren batean? Kresal tantarik? Orri tartean sikatutako negar malkorik? Ni aritu naiz bila, baina esku artean dudan liburu hau irakurtzen lehenengoa naizenez, gaitz egin zait zerbait topatzea. Bilaketa sena, ordea, ase ez eta zabaldu egin zait.

Seguru noizbait entzun duzula «Liburu ireki bat zara» esamoldea. Hiri berri batera bizitzera etorri naizenetik, konfort eremutik aldentzean gertatu ohi den bezala, nire egunerokotasunaren parte bilakatu da jende berria ezagutzea. Horren ondorioz, pertsonak irakurtzeko mekanismoak garatzen hasi naiz eta inkontzienteki, liburuekin egiten dudan legez, aurrean dudanarengan aztarnak bilatzen ditudala ohartu naiz. Iraganean izandako harremanek utzitako orbainak. Ezezaguna den horrek hartzen dituen lehen jarreretan nabari daitezkeenak eta ezagun bilakatu ahala biderkatzen direnak. Zauriak izaten dira batzuetan, iragan hartu-emanek utzitakoak, eta nik oilaurrak ikusi ahal izaten ditut halakoetan, zauria berriro zabaldu ez dadin sortutako autodefentsak. Besteetan ziurtasun eta ahalduntze jokamolde bihurtu diren laztan eta besarkaden arrastoak suma daitezke. Izarapean ere igar daitezke zenbait ondorio amodio esperientziek lagatako markak sakonak izan ohi dira eta.

Kontua da, iraganean irakurle anitz izan dituzten liburuekin gertatzen den bezala, pertsonok ere harremandu garen horien aztarnak pilatzen ditugula. Memoria duten koltxoi biskoelastikoen antzera, gainean izan ditugunen pisuak gugan eragindako forma bilakatzen garela. Horregatik, pertsonak ez ditugu markagailua zeroan dutela ezagutzen eta bere muina ezagutzea bezain berebiziko bilakatzen da beraiengan besteek utzi dituzten aztarnak irakurtzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna