Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Guretzat

2018ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Zuzenean seinalatu gaitu egunkariko orrialdeetatik: «Hiru milioi andre daude zuentzako arropa egiten baldintza latzetan». Gutaz ari zen: emakume zuriez. Hiru milioi andre daude guretzat arropa egiten baldintza latzetan. Besterik ez bada, beherapenetan zerbait erostera joaten garenontzat. Daukagun arropa guztia behar dugulako daukagula sinisten dugunontzat. Modakoak ez diren gauzak erabiltzearren gaixotu egingo garela pentsatzen dugunontzat. Jendearen aurrera birritan arropa berarekin joanda estutzen hasten garenontzat. Geure buruari arropa garestia baldintza hobeetan egiten dutela sinetsarazten diogunontzat. Iazko arropek aurten ez digutela balio uste dugunontzat. Gauza merkeak behin erabilita apurtzen ez badira nahikoa dela esanez barre egiten dugunontzat. Denboraldi bakoitzerako oinetako pare batekin hezi gintuzten arren, orain zapata pareak pareka erosten ditugunontzat. Arropa zaharrak botatzeak pena emanda gure arropa artean ito behar dugunontzat. Oihal gutxirekin egindako arropetan kabitzen ez garenontzat. Merke dagoenez, beherapenean edozer erosten dugunontzat. Urtarrilean erositako alkandora abenduan estreinatzen dugunontzat. Telebistan esan duten kolore horretako zerbaiten bila kaleak apurtzen ditugunontzat. Aberatsak izan gabe, izango bagina lez bizi garenontzat. Dendan gustatu zaizkigun prakak etxean gustatu ez zaizkigulako behin ere jantzi ez ditugunontzat.

Errudun sentitu naiz egunkariaren aurrean, baina badakit min honek ez didala betiko iraungo. Badakit pasatuko zaidala eta neure burua zuritu egingo dudala hogei euro gastatzen ditudan aldiro edo armairua zabaltzen dudanero. Zein erraz aberastu diren zenbait! Han baldintza latzak ezartzen dizkiete langileei arropak merke ekoitzi ahal izateko, eta hemen soldata duina ez duen jende mordoa engainatzen dute behar ez dituen gauzak merke kontsumi ditzan. Eta horrela doa mundua...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.