Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Apoaren edertasuna

2017ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Honetaz ez bada hartaz, lerdobidean geure on beharrerako zerrendak nonahi ematen dizkiguten honetan («Hil aurretik irakurri beharreko ehun liburuak», «Inoizko hogei kanturik onenak», «Zure lagunek baino lehen bisitatu beharreko hamar txoko ikusgarri»...), ezin falta hiririk zatarrenena. Egunotan eman du aditzera zein diren Espainiako Erresumakoak Exit atariak, deskuidatu ez gaitezen.

1936ko ilbeltzaren aurreneko egunetan heldu zen Roberto Arlt argentinar idazlea Eibarrera. Kronikak idazten zebilen Buenos Aireseko El Mundo egunkarirako: «Badira kaleak, heste itxuran, tailer bihurtutako patioen artetik doazenak; eta pasadizoak, ikatzezkoak diruditen harri beltzezko hormen artean sigi-sagan. Oinez segituta, mailu itxurako patioetan agertzen gara, eta barren ilunean, soplete oxidriko baten argi urdina».

Ez darabil ez itsusi, ez zatar, ez motz. Eskuak lanean beste zikintzen du eibartarrak bihotza bizi-pozean, bertan da Txomin Agirre jatorraren infernua: «Ezin konta ahala taberna dago. Sexu bien arteko harremana Errusian aurki daitekeenaren parekoa da ia. Frontoian sartu naiz; neska talde bat pilotan dabil mutilekin batera. Fabriketan sartu naiz. Tailer berean, gizonak eta emakumeak. Ez dakit zer dioten, euskaraz ari dira eta».

Euskaraz jakitera barautsa idatziko luke Arltek bere ohar-blokean, hari biborra, eztanbedarra, eta ez delako zerrenda horretan inoiz agertuko ez direnek ustez begira txiza eginean darabiltena: «hau dok tienpua trigua maduratzekua».

Eta hala, gosetuak asetua salatzen duen bezala salatzen du zerrendakoak zerrendagilea. Hau esan eta gero, ez da faltako dioenik, nahi dudana, baina Eibarrek mortal zatarra izaten segitzen duela. On beharrez neuk ere, erraztu egingo diot lana. Hobeto definitu zuen Arltek berak. Eta idazten, bazekien: «Ez dago berbarik herria zelakoa den esateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.