Mikele Landa.
LARREPETIT

Fokua

2017ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Agertokira igotzeko beldurrez dagoenari besaulkietako jende andana biluzik irudika dezan gomendatu ohi zaio. Biluztasunak zaurgarri sentitzea dakarrelako berarekin, babesgabe; eta aurrekoa babesgabe sentitzeak norbera proportzionalki babestuago sentiarazten du. Beldur eszenikoa hori baita: beldurra. Hanka sartzeari beldurra. Besteek zurekiko sortuko duten ideiari beldurra. Segurtasun falta.

Erredikulua egiteari izua izatea edonork uler dezake. Urteek, aurpegiko zimurrekin batera, norberaren izatearen kontzientzia soinean zamatzen digute. Jakintzak eta horrek dakarren konfiantzak eman beharko ligukeen segurtasuna baliogabetu egiten da norberaren akzioen eta erabakien ardura gure gain soilik hartzen ditugunean. Gure gain eta ez guraso, senitarteko, maisu edo besterik gabe, adinaren esku. Erabakien ondorio diren sari eta galerak banaezinak bilakatzen dira, hortaz, jendaurrean egindako hanka sartze bakoitzaren trukean harrikada zurrun bat jasoko du gure ohoreak, inolako amortizaziorik gabe. Erridikuluari ateak apurka-apurka zabaltzen dizkiolarik.

Ikusleak iluntasunaren babesean biluzik irudikatzeak lagun dezake norbait. Egun, ordea, hartzaile bezala gerta dakigukeen gauzarik umiliagarriena mugikorra joka hastea da. Izerdi hotza ile sustraietatik bekokian behera darigula, eskua dardarti poltsikoan sartzen dugu. Hogeita hamar segundo eternal bilakatzen dira eta ingurura begiratzeko ausardiarik bildu ez arren besaulki bakoitzetik begi pare bana zugan iltzatuta dauzkazula zinez dakizu. Bat-batean ia ahaztu egingo zaizu agertokikoaren existentzia, zure buru gainean foku zenital bat mugikorraren txirrinarekin batera aktibatu izan balitz bezala. Demagun ikusleak biluzik imajinatu beharrean estualdi horretatik igarotzen irudikatzen dituela oholtza-gainekoak. Une batez agertokiaren koxka zanpatu egingo litzateke, denak maila berean jarriz, fokuaren argipean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.