maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Berez

2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Torturaren aurkako egunean eman zuen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Mattin Sarasola eta Igor Porturen torturen aurkako epaiaren berri. Eman zigun halako poz bat azkenean Espainia zigortzeak: ez dutelako bakarrik jo torturak ez ikertzeagatik; «tratu txarrak» eman izana ere leporatu diote estatuari oraingoan; funtsean, eta hala erran ez badu ere, torturatzeagatik. Hala, 50.000 euro ordaindu beharko dizkie Espainiak kalteengatik: 30.000 euro Porturi, eta 20.000 Sarasolari, berez.

Espero izatekoa zen bezala, ordea, segituan hasi zaizkigu berriro ere espainiarrak kexaka.Ez du, bada, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak eskatu diru hori izan dadila ETAren biktimentzat?!

Hamar urte daramatzate jada Sarasolak eta Portuk espetxean, eta lagun batek, inuxente, galdegin zidan ea Europaren epaiak eraginik izan zezakeen bi euskal preso politikoen kondenetan. Ez nuen aurrez pentsatua, baina zentzua, berez, badu: torturapeko deklaraziotan oinarrituta jarri dizkiete ehunka urteko espetxe kondenak bi lesakarrei. Torturatu zituztela frogatu bada, beraz, deklarazio horiek ez lukete balio beharko, ezta? Berez. Eta, orduan, agian, etxean beharko lukete biek? Lagunari hala erran nion: hala beharko lukeela berez, nire ustetan. Baina…

Justiziaren eta zentzu onaren bidean mugituko bagina, kalean beharko lukete, halaber, Frantziako espetxeetan baldintzapeko askatasun eske diren Ion Parotek, Frederic Haranburuk eta Jakes Esnalek, erraterako. Edota larriki eri izanik espetxean dauzkatenek. Eta ez lukete sekula espetxera joan behar izanen torturapeko inkulpaziotan oinarrituriko gazte —eta ez hain gazte— guziek. Eta abar, eta abar... Berez.

Baina, egia erran, ez dakit xuxen zergatik harritzen garen hainbertze halakorik ez dela gertatzen ikusita. Espainiak berezkoak baititu gezurra, injustizia eta demokraziarik eza; zerbait erratearren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.