Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Txinatar zeinu bat Lleidan

2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ezustekoa jaso zuen Manel Ollek 2008an postontzia zabaldu zuenean. Lleidako arkeologiaren arduradunak idatzi zion 20 x 23 cm-ko zeinu txinatar baten esanahiaz galdetzeko. Hareharrian zizelkatua zegoen, Almenar herrian laboreak eultzeko larrain bat zegoen etxola baten barnealdean zegoen. Argazkietan ikus zitekeen ren zeinua zela harrian zegoena. Ren-ek aurre egitea, eustea esan nahi du. Olleren aburuz, arte martzialen munduan arrakasta handia duten zeinuetako bat da eta, sarritan, tatuatu egiten du jendeak. Horregatik, Lleidako arkeologiaren arduradunari erantzun zion «eskualdeko gazteren batek idatziko zuela, agian Bruce Leeren zaleren batek».

Handik gutxira, bigarren gutuna jaso zuen Ollek. Arkeologoak zioen ezetz. Ezinezkoa zela arte martzialen teoria hura. Aztertu zutela teknikoki zein data izan zezakeen zeinuak eta gutxienez 70 urte zituela eta, agian, 100 baino gehiago. Gainera, jakin zuten egungo etxolaren jabeak berrogeita hamar urte lehenago erosi zuela lur hura eta, ordurako, izkribua horman zegoela.

Ollek berriro irudiaren argazkiak hartu eta, jabetu zen hasieratik nabarmena zen zerbaitetaz: proportzioak bikainak ziren eta kaligrafiaren harmonia baita ere, «txinatar batek soilik egin zitzakeen hala». Eta, beraz, bere buruari galdetu zion «zer egiten ote zuen XIX. mendearen amaieran edota XX.aren lehenengo herenean txinatar batek Almenarreko etxola batean ren zeinua idazten». Orduan etorri zitzaion gogora Olleri, agian, 36ko Gerran Lincoln Brigadan egon ziren txinatarretako bat izan zitekeela. Garai hartan lotu zirela, tamalez, heriotzaren bidez, Gernika, Bartzelona, Shanghai eta Nanjing.

Askapenak, gerrari, faxismoari eta inperialismoari aurre egitearen grinak, lotu zuen mundu hura, nazioarteko brigadisten bidez, España y China 1937-2017 (AA, Comares 2017) liburuan jaso berri duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.