LARREPETIT

Dirua eta denbora

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko apirilak 25
Berriro ere Andaluzian izan gara asteburuan. Ez oporretan, nahiz eta oraingoan turismo pixka bat egiteko ere aprobetxatu dugun larunbat iluntzea: Granadako Albaicin, poteoa eta tapak, eta kaleko musika, ederra. Baina askorako ere ez du ematen espetxerako bisitak erditik mozten dizunean asteburua. Gure kasuan, larunbatean 16:30erako puntuan egon behar izaten dugulako atarian, eta 18:00ak pasatu arte ez garelako ateratzen berriro kanpora. Pasatu behar dituzulako liburu eta arropaz bete paketea entregatzeko hogei minutuko itxaronaldia, izena esan eta hatz marka hartzen dizutenekoa... Eta beti arazoren bat dagoenez, pazientzia handiz edota ostia txarrean abiatzen duzu protokoloa. Jakin gabe oso ongi nahita ari diren edota benetan diren txarrak eta motelak euren lanean. Bi ordu inguru kartzela inguruan, kristal batek eta telefono erdi-hautsi batek mozturiko ¬ękomunikazioa¬Ľ 40 minutukoa den arren. Eta haraino iritsi ahal izateko bidaia, zortzi ordu eta erdikoa. 818 kilometro.

Gehitu horri bidaiako gastuak: ia 200 euro gasolinatan, eta lotarako lekuan, eta bidetik hartzen dituzun kafe, pintxo edo bestelakoetan. Baldin eta denbora ematen ez badizu etxean aurrez tortilla eta xolomoa prestatzeko.

Laguna ikusi nahi dugunez, gustura egiten dugu hori guztia. Konpentsatu egiten digu bere irribarrea ikusteak, 40 minutuen presiopean solas batzuk egiteak, eta bueltatzeak pentsatuta agian arindu diogula zertxobait espetxealdia, edota ilusioa egin diola berari ere gu ikusteak. Baina zer pentsatua ematen du horretan inbertitu behar izateak gure dirua eta denbora. Bisitako asteburuan ezin izan baitugu joan ostiraleko bilerara, ezta larunbat goizeko auzolanera; ez dugu ikasteko edo atsedenerako tarterik hartu, eta sos mordoxka bat errepidean bota dugu. Beste zer edo zertan inberti genezakeen dirua eta denbora, sakabanaketarik ez balitz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna