maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Baimena

2017ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Gogoan dut uztail bero hartan Askizuko aterpetxean begirale batek esandakoa: «Eskatuz gero, ezetz esan beharko dizuet. Beraz, ez eskatu baimenik». Artean 14 bat urte izango genituen, eta udalekuetako azken egunean garagardo batzuk edaten uztea, besterik ez genuen nahi. Bazeuden batzuk hozkailuan, baina guk legez edateko baimenik ez. Eta begirale jatorrenari eskatzea, besterik ez zitzaigun bururatu. Horixe izan zen bere erantzuna, gerora buruan grabatua gelditu zaidana. Inuxenteak gu, gaiztakeria txiki hori egiteko ere baimena eskatzen!

Zure gainetik boterea duen norbaitek ez baitu, nahi izanda ere, legearen eta bere interesen kontra egiten, normalean. Kasu hartan zirrikitua utzi zigun begiraleak, baina orokorrean eta gauza inportanteagoetan... Gerora ikusi dugu zenbait gauzatarako, badaezpada, baimenik ez eskatzen. Gurasoei, edota irakasleei, baita, kasu batzuetan ere, instituzioei. Nork ez du baloiarekin jolastu Prohibido jugar al balón kartelaren aurrean? Nork ez du zigarreta bat erre gordeka? Nork ez du margoketa bat egin herriko paretan? Nork ez du okupatu etxe bat ala gaztetxe bat... baimenik eskatu gabe?

Eskatzen hasiz gero, guztia baita debeku eta baimenen arteko jolasa. Baimena eskatu behar da protesta egiteko, baimena festa bat antolatzeko, ia arnasa hartzeko ere. Eta batzuetan, hala eskatuta ere eta baita espresuki jaso ere, debekatu egiten dituzte hitzaldiak, protestak, festak...

Kontuan hartu behar baita baimena zeren arabera ematen den, eta nork duen ematen. Katalunian, ordea, argi erakutsi dute ez zaiola zapaltzaileari harengandik askatzeko baimenik eskatu behar. Eta halaxe aldarrikatuko du bihar Ernaik ere Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Iruñeko kaleetan. CUPeko David Fernandezek igandean Donostian argi utzi zuen bezala: «Ez dezagun baimenik eskatu aske izateko, ez barkamenik hala izateagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.