LARREPETIT

Sinesten dizut

Onintza Enbeita -

2017ko azaroak 24
Nik sinesten dizut. Ez dit ardura zer zeneraman jantzita. Ez dut uste zure hitza zalantzan jartzeko modukoak izan daitezkeenik gertaeren ordua eta lekua. Nik sinesten dizut. Berdin dit zure nagusiarekin hurbilekoa izan bazara, edo ez. Ez da garrantzitsua lanera makillatuta joaten zinen edo ez jakitea. Nik sinesten dizut. Nori inporta dio zenbatekin egin duzun larrutan ezetz esan duzun arte? Nik sinesten dizut. Zure betiko bizitza berreskuratzen saiatu zara. Saiatu. Jakin nahiko nuke, hala ere, zure barrua zelan dagoen. Nik sinesten dizut. Lehenengo aldiz jo zintuen arte maiteminduta egon izanak ez zaitu errudun egiten. Nik sinesten dizut. Susmo txikienik izan bazenu, badakit ez zenukeela zure umea harekin utziko. Nik sinesten dizut. Ezagutzen, miresten, maitatzen duzun pertsona batengan konfiantza izatea, normala da. Nik sinesten dizut. Ez zaizkit interesatzen estatistikak. Ez dut jakin nahi zenbat diren salaketa faltsuak. Nik, sinetsi egiten dizut.

Sinetsi egiten dizut gertatu zaidalako, gertatu zaiolako, gertatu zaizulako eta gertatu zaielako. Sinesten dizut niri gertatu zitzaidanean, lagun batek esan zidalako zein gustu txarra izan zuen tipoak ni aukeratzeko. Sinesten dizut nire iritzi politikoa argumentuz defendatu dudanean, nire gorputza eztabaida publikoaren parte izan delako. Eta sinesten dizut ausarta izan zarelako. Zein mundutan bizi garen jakinda ere, salatu egin duzulako eta aurpegia eman duzulako.

Zuk arrazoia daukazu, indarra erakutsi duzu. Zu zuzen ari zara. Oker ari direnak, errealitatea ezkutatu nahi dutenak, euren aulkitik mugitu nahi ez dutenak, biktima erasotzaile bihurtzearen joko eskizofrenikoa bezain makurra bultzatu dutenak besteak dira. Eta hori ez nuen sinetsi nahi, baina besteak, zoritxarrez, asko dira: kazetariak, epaileak, abokatuak, politikariak, polizia eta ogia erostera goazenean, gure ondoan egoten diren zenbait.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna