Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hitz potoloak

2017ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Kolpeka bizi gara eta hala egin izan dugu politika, jende aurreko agerpenean badarik ere. Behar du gure gogo kolektiboak kolpeko oihu bakar hori, barne-barneraino sarturik bihotz bihurtzen dena; edonon eta edonork lehenbizikoan harrapatuko duen eslogana; izango dena identifikaziorako ikur eta ezaugarri bereizgarri, eta esan gabe doa, arrokaren sendotasuna erakutsiko duena.

Eta hala doa denbora aurrera eta gu haren ipurgainean trokoton-trokoton, banderak saretzen zaizkigun arte eta oihuak higatzen. Eta nahikoa da bizitza bakar bat hitz potoloak zein ustel, maskal eta erkin! zaizkigun konturatzeko, eta ezarian-ezarian ikusteko nola baztertu dugun garai batean sinesmen itsuz ehunduriko hamaika eslogan eder.

Bizitza!, diogu, autokonplazentzia keinu batez. Aurrez «Amnistia ez da negoziatzen, herria ari da lortzen» entzun duen bizialdi bera, «Estatutuarekin presoak kalera» eta «Estatutuarekin Nafarroa Euskadin» aditu duen bera. «Merkatarien Europa honi ez» esaten entzun gaitu, grekeraz sendotzeko gero,«Oxi! Oxi!», ez zezatela ordaindu zorra, egin ziezaiotela aurre beldurrik gabe Europa bihozgabeari, nork eta guk, handik labur ahoa «Katalunia, estatu berria Europan» aldarrikatu genuen berberok. Zenbat horrelako.

Hori dute hitz larriek, ateratako hotsaren neurri berean itzultzen zaizkigula kontra, salatari, inoiz jan eta historiaren bideetan abandonatzen baditugu. Gaur zortzi, BECeko oholtza gainean hitzaren birtuosoei adi, gauzak zenbat aldatu diren, horrexetara joan zitzaidan gogoa. Lasaiago, Maialen Lujanbioren orain lau urtekoak leitzen: «Funtsik ez duten diskurtso ponpoxoek ez dute luze iraungo. Interesgarria da eztabaida hor dagoela. Etengabe ari gara geure burua kuestionatzen eta horrek laguntzen du aurrera joaten».

Bertsolaritzaz ari da, komunikatzeaz ere bai ordea, eta bizitzaz. Nekez egin liteke gertatzen ari zaigunaren argazki hoberik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.