Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Solasaldia eguzkitan

2018ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Etxean ez dagoen argiaren bila etorri naizela esan diot lagunari, ez hartzeko metafora gisa, eguzkia dugula ments, horrexek elkartu gaituela Gracia barrutiko plaza eder honetan, argi beharrak beste ezerk baino.

Berehala jo du solasak aurtengo udazkeneko gertaeretara. Etsita baino, zurtuta dago; alde batetik, ez duelako aurreikusten zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan, eta bestetik, garbi duelako mugarri historiko baten lekuko izan direla. Behin eta berriro errepikatu du:gertatzen dena gertatzen dela, ezer ez da lehen bezalakoa izango.

Haustura sozialik gertatu den, neuk aipatu diot. Hitza ez dela hori argitu dit. Gauzak joan diren bezala joanda, harriek ere posizionatu beharra izan dutela hala ere. Ezinezkoa izan dela bazter geratzea, zikintzera behartu dela jendea. Nola ez sinetsi. Galdeketaren aldeko izanagatik, bera ez da independentista izan.

Plazan, begizta horiak arboletan eta esteladak balkoi askotan. Tourist remember, Gracia is not Tabarnia. Hezkuntza saileko irakaslea da laguna, orain mende erdi pasatxo Kataluniara heldutako langileen alaba, eta eskandaluzkoa irizten dio gertatukoari. Espainiako gobernua jendearen sentimendu sakonetan aritu dela aztarrika diost, zabarkeria ikaragarriz jokatu duela, hizkuntzak jarri dituela elkarren aurrez aurre, lehen ez zegoen zerbait. Horrela ulertu behar dela Ciutadansen aparraldia. Sututa bezain minduta dago. Ebroko batailan desagertutako milizianoa du aitona.

Gustura nago, belarriak zabal, etxean ez dudan eguzkitan. Une batez geurea kontatzeko gogoa etorri zait, gure ilunpetan halaxe izan dela beti, Saizarbitoriak aspaldi salatu zuena, alegia,espainiar nazionalismoak abertzaleen esku utzi izan duela historikoki euskararen noranahikotasuna, zer espero zenuen bada, ez zaitez inozoa izan, arren.

Isilik jarraitzen dut, ordea, konpainiaz gozatzen, eguzkitan hilbeltzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.