Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Aintziren txistea

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Umorez ekarri zuen pasartea, Gernikako Estatutuaren tolesekin Moncloan nola ibili ziren oroituta, Rafael Arias Salgadok, bere garaian Suarezen, Calvo Soteloren eta Aznarren ministro izan zenak. Hor ari dira eztabaida gorrian, lorik egin gabe hiru egunez eta hiru gauez, bestaldeko negoziatzaileetako batek EAEko laku eta aintziren gaineko eskumenak eskatu dituenean. Alberto Oliartek egin omen zuen jauzi: «Han ez duzue horrelakorik eta!». Jeltzalearen erantzuna, antologikoa da: «Ez, baina sortzen bazaizkigu ere».

Kasualitatea deitzen den tirano horrek nahi izan du ateralditik astebetera agertzea hain justu Oliarten laku eta aintzira dontsuok euzko lur gainean, ez seguru asko 78an mokoka aritutako bi taldeek pentsatuta bezala. EAEko fracking-aren aurkako legea aldarazi du Espainiako Auzitegi Konsitituzionalak, lehenago Nafarrokoarekin egin zuen bezalaxe. Ezerezean gelditu da, beraz, berton hartutako debekua. Moncloarentzat alea.

Beste edozein izatera gaia, ez lirateke nolanahikoak protestak eta hortz-karraskak. Aho betean, autogobernuari egindako eraso onartezina salatuko litzateke; kapitalaren interes komunek baretu dute, ordea, eztabaida. Madril ez da opariegile txarra.

Oraingoan ere, arlo sozialean gauzak agerian utzi dituen agindu konstituzionalak ez ditu gordeago utzi politikoak. Gernikako Estatutua ezarri eta —ia berrogei urtera!— transferitu gabe segitzen duten 39 eskumenak, metropoliaren makinariatik periferietan hartu erabakiei behin eta berriro botatako torpedoak, epaileen jokaera etiketaezinak... sistema politiko baten argazki ezin garbiagoa erakusten ari zaizkigu. Horrexegatik kontatu zuen Arias Salgadok pasartea: fakultateetan oraindik harro erakusten den «foru pasea», autogobernuaren diskurtso teatralizatua, euskaldunon «ezaugarri bereizgarriak»... txistearen parte dira, amorez eta umorez hartu beharrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.