Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bost hitz

2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Begiak atalo eginda dago umea, halabehar goibeleko erregina, aurrean duen munstroaren neurriekin. Handia da, ikaragarria, naturaz gaindikoa gortera ekarri dioten gizona, baina susmoa harturik dabil, ez baitio erantzuten hitz egiten dionean. Galdetu egin behar izan du azkenean: «Atzeratua da?». Lagun dakarren sasiletratuak emango dio erantzuna: «Ez, euskalduna da».

Bikaina da kolpea, dotorea. Elkartze hura, benetan gertatu zen. Migel Joakin Eleizegik batean eta bestean bere burua erakutsiz irabazten zuenaren gaineko zergak arintzeko eskatunahi zion Espainiako Isabel II.a erreginari. Algara, ordea,Handia filmeko gidoilariei zor diegu.

Nekez bil liteke egokiago bost hitzetan bi munduren arteko aurrez aurrekoa. Batak ezinaren esparrukotzat du erresumako basailo hura, izan behar du gaitzen bat espainola bada erreginari ez ulertzeko. Eta gorputzez ere makurra denez, nabarmen matxarra, hor egon liteke arrazoia: atzeratua da?

Bertsolariak bezain azkar jokatu beharra du besteak. Ezin da luzamendu merkeetan hasi, ezin du erreginak baino gehiago hitz egin, ezin dio ezjakin deitu, ez muturrera behintzat. Ezin xaloago, ezin zorrotzago, errealitatea bera duela mailu paralelismoen jolasean, nahi ezta bezala: ez, euskalduna da.

Ez dakit hemendik kanpo guk adinako zukurik aterako dioten gag susper honi. Nahiko nuke. Baina ikusirik egunean-egunean, batean ez bada bestean, ikuspegi zentral, nagusi, erosotik inguruari nola begiratzen zaion, nola ulertzen den dibertsitatea, nola kondenatzen den kostunbrismo sinpatikora eta esker oneko agur laburrera norbera ez dena, zalantza handiak ditut.

Eta ai, zein ikusle motzak geu ere hizkuntzen dikotomia hutsean laketzen bagara, errukarriaren rolarekin identifikatuta, ez bagara ikusteko gai zer dugun geuk ere erregina ergeletik eguneroko beste hamaika begiradatan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.