Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Iheslarien kapritxoak

2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Orbankorra da iheslaria. Bere erbestean galtzerdiak saldu ala gizateriaren pentsalari behienetako bat izan. Orbankorra da. Bere bizitza zikintzen du.

Bi gutun igorri zizkioten Scholem senar-emazteek Parisen erbestean zen Hannah Arendti. Scholemtarren gutunak jasotzetik 1939ko maiatzaren hondarrean erantzuna idatzi bitartean, «lehenik [Hannahren] ama iritsi zen, bigarrenik altzariak eta, hirugarrenik bere liburutegia. Laugarrenik, bosgarrenik eta seigarrenik, Jainko ona iritsi zen, Bureau Zentralaren itxuran, ogibide bedeinkatu batekin* eta, jakina denez, Jainkoaren bedeinkapen oro bezala, alde on eta txar batekin. Bigarrenaren parte da ez dudala inolako denborarik** lan intelektuala egiteko».

*Arendtek Pragatik egin zuen Parisera ihes 1933an. 1938an bere ama Martha Arendten bila lagun bat bidali zuen Königsbergera, azaroko pogromoen ostean. Lagunak ama Parisera ekarri behar zuen. Bere amarekin eta bigarren senarra izango zenarekin Heinrich Blücher Brancion karrikako 68an bizi ziren, Walter Benjamin bizi zen Dombasle karrikatik hamar bat minutura. 1938aren amaieran Hannah Arendtek Alemaniako Juduen Bureau Zentralean lan egitea onartu zuen, Palestinarako Juduen Agentziaren menpeko erakunde batean.

** Orain, Madrilgo Udalak dio ezetz, bere menpeko udaltzainek ez zutela Mame Mbaye pertsegitzen. 12 urte egin zituen Espainiako Erreinuan bizirik paperik gabe. 20 ordu bakarrik, 10 urtez Puerto de Santamariako zelda batean bizirautea bezala, Iruñetik 1.000 kilometrora. Orain Madrilgo Udalak dio ez zutela segitu, baina beste lekuko batek dio baietz. Mbaye motorraz pertsegitu zutela bi udaltzainek. Bihotzak kapritxo kardiako batengatik geratzea erabaki zuela, eta lurrera erori zela. Duela 82 urte Takiji Kobayashi polizia inperialaren komisarian hil zuen kapritxo bera. Duela 14 urte Kontxi Sanchiz Ertzaintzaren polizia karga baten erdian, atari batean hil zuen kapritxo bera. Duela urte bete Arrotxapean Nazionalen pean Elhadji Ndiaye hil zuen kapritxoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.