LARREPETIT

Sinergiak

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko martxoak 21
Iaz ere aipatu nuela uste dut, baina ezin bertze behin ere Segurako herritarrek antolaturiko Iparra-Hegoa ekimenari aipamena egin eta eskerrak eman gabe gaurko zutabea utzi. Bere xumetasunean, hilabeteetatik tantaka zetorren egitarauari aste osoko eskaintza josi baitzioten joan den astean, eta han izan ginen gonbidatuok ere, galdetu zigutenean bi aldiz pentsatu gabe, nahiz ez ongi jakin zer ematera, ez bada jasotzeko grinaz.

Hiru gazte aritu ziren solasean nik hala moduz gidaturiko mahai-inguruan: gazteen arazoez, feminismoaz, euskaraz, prekaritateaz, borroka moldeez. Maider Galardik, Aitor Servierrek eta Endika Perezek ederki josi zituzten ustez hasiera batean elkarren artean loturarik ez dutela diruditen borrokak. Erraterako: bizitza duin bat bizi ote dezakegu euskararik gabe? Borroka moldeei zein ekarpen egin diezaieke feminismoak? Aritu ziren, halaber, gazteek hainbat esparru berezitutan sorturiko alternatiba ezberdinei txapel amankomun bat jarri beharraren garrantziaz: Euskal Herria.

Solasaldiaren ondoko «mokadutxoan» pasta entsalada, hirugiharra, arraina saltsan, bertako jogurta, gazta eta menbrilloa segitu genuen hizketan mundua konpontzen, eta elkarren arteko harremanak josten, zahar eta gazte; esperientziak elkarbanatzen. Eta etxera, nola ez, laborantza iraunkorrez egindako Lapurdiko produktuz osaturiko saskia, hurrengo egunak ere goxatzeko.

Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko loturak baino gehiago egiten dituela erakutsi digu bertze urte batez Iparra-Hegoa herri ekimenak. Aurten, gainera, presentzia berezia eman digute gazteoi: gu izan gara hitzaldietan protagonista eta mintzagai, baita astean zehar antolaturiko bertzelakoetan ere parrandarik falta gabe, bistan dena. Geure buruei galdera eta mandatu bakarra utzita bueltatu ginela uste dut: sortu beharko genituzkeela, han eta hemen, Iparra-Hegoa gehiago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna