Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Begiaren aierua

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Orduan ere, tabernako borroka bat. Arotz gubia sartuta hil zuen Frantzisko Idiakezek Ziriako Gatxaga, xextran ari zirela. Getarian izan zen, 1932an. Ez zela aski gizon leporatu omen zion bezperan Idiakezek Gatxagari, zergatik eta oraintxe Batzokian ibiltzen zelako baxoerditan eta hurrengoan Zirkulu Errepublikanoan. Txaketero bat zela, alegia. Hurrengo egunean berriz topo egin zutenean okertu zen dena.

Berehala, dimentsio politiko gaitza hartu zuen gertaerak. Ordezkariak bidali ziren hiletara gobernutik eta diputaziotik, aldundia arduratu zen hildakoak adopzioan zituen bi haurrez. Alkatea eta erretorea kargugabetzeko eskatu zen, Batzokia itxi egin zen. Urtebetera hasi zen epaiketan, 21 urte eta 6 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zitzaion abertzale gazteari. Prentsan segitu zuen borrokak. Ederki baten berregin daiteke orduko egunkarien bitartez kasuak jendartean eragin zuen zatiketa. Batzuentzat, politikak itsututako hiltzailea baino ez zen Idiakez; besteentzat, makina anker baten biktima. Izan ere, inolako bermerik gabe egin zen epaiketa; ez epaimahaia osatu zuten gehienek, ez akusatuak berak, ez zekiten euskara besterik. Horra nola itxuraz hilketa arrunt batek sistema oso bat utzi zuen agerian.

Ondarretatik Santoñara urrundu zuten. Diputatu jeltzaleak hortzez eta haginez saiatu ziren kondena jaisten aurrena, eta epaiketa berriz egin zedin, ondoren. Halaxe egin zen, gaztelera ulertzen zuten epaimahaikoekin oraingoan. Gubia Zezilio anaiaren defentsan hartu zuela-eta, errugabea zela ebatzi zen. Eta halaxe, ongietorria emateko milaka lagun zituela zain heldu zen euskal presorik ezagunena herrira, damurik erakutsi gabe.

Aspaldiko kontua da, ez da haizu Idiakez kasua ezerekin alderatzerik. Eta hala ere, begiaren aierua egunotako albiste nagusietan erreparatuta: itzal horiek, ni ikusita nago itzal horiek beste nonbaiten...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.