Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hizkuntza lagun

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Errazago behar genuke, hizkuntza dugu lagun. Izan ere, zertarako irudimena eguneroko ginkana hor izanda. Denok dakigu zer den, zergatia inoiz azaldu ez badigute ere, bestearen mende sentitzea. Gauzak ez doaz inorentzat baino okerrago isilik gauden artean, baina nahikoa dugu mihia dantzan hastea dena erabat okertzeko. Non, edonon izan liteke, izan medikuaren kontsultan, zinemarako sarreran edo errepideko kontrol batean gauzkatela. Baina berdin gerta dakiguke lantokian, lagun artean edota familiaren gozoan, ustez aterpean gaudela. Darabilgun hizkuntzak berak salatzen gaitu, euskaldunak euskaraz egiten baitu ustez eroso dagoenean. Eta horra non ekin orduko hasten diren komentario zakarrak (ez ezak esajeratu), baztertze-mekanikak (biktimismorik ez, txikito), eta txiste baldarrak (har itzak gauzak umorez, moteil). Egunero, edonon. Zergatik eta, aurrean dugunari Jainkoak berak eman ziolako sortu eta batera, Moisesi Sinai tontorrean ditxosozko taulak bezalaxe, gurearen gainetiko hizkuntza bat.

Horrexegatik bakarrik behar luke errazago. Bakarrik oraingoan ez dela hizkuntza kontua, ez den bezala geure burua zuritzeko dianaren erdian jarri ditugun hiru epaileena soilik. Honetan, beste bat da inor mendeko bihurtzeko arrazoia. Bestela, berberak dira espazioak (medikuaren kontsulta, zinema, kontrola; lantokia, lagun artea, familia), eta hemen kabitzen ez den hamaika gehiago. Komentario zakarrez, baztertze-mekanikaz eta txiste baldarrez, zer esan. Erantsi horri izua eta gorilakeria fisikoa bere edozein espezialitatetan, sexuala dela buru. Egunero, edonon. Zergatik eta, gainetik gaudenoi Jainkoak berak eman zigulako sortu eta batera...

Ez gara gizonezko erdaldunak baino hobeak, zapalduak izateak ez gaitu zapaltzaile izatetik libratzen, baina errazago behar genuke. Hizkuntzarenak lagundu behar liguke gerra honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.