Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Hitz egin

2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Hunkitu egin ninduen gaur hamar egun Martxelo Otamendik Rosa Lluch irakasleari eginiko elkarrizketak. Argia iruditu zitzaidan, eta argitsua. Osagaiak, bazituen, aurrez aurre zeuden biek pasatutakotik hasita. Erantzunetan igartzen zen aldarteak edertu egiten zuen iraganeko itzal oro. Tartean, Ernest Lluchen hilketaren ostean Gemma Nierga kazetariaren hitzak dakartzate biek gogora, «hitz egin ezazue» esan zienean pankartan zeuden arduradun politikoei. Buruak nola lan egiten duen. Hitz egin. Pertsonaren ekintzarik ohikoena, eta beharbada, baita zailena ere unerik makurrenetan.

Hogei bat urte izango dira. Kotxean noa etxera, izotza ari du. Halako batean, argiak bidean. Guardia Zibilaren kontrola. Ohi bezala orduan, geratzeko, itzaltzeko motorra. Paperak, prakak jaitsarazi dizkidate, jartzeko ezpondari begira. Sasi artearen ederraz gozatzen ari naizela, irratiz hizketan entzuten ditut. Kotxean dabiltza aztarrika. Hurreratzeko. Linternak zelulosazko kaosa argitzen du. Ontzurrea aurkitu dute. Orri multzo bat da, eta IRA irakur diteke garbi askorik. Zer den hura. Literatura, diotsat. Brenan Behan delako baten hogeita bat testu labur. Hasteko erdaratzen. Jaka har dezaket? Ez. Dardarrez ekiten diot Behanek ingelesez idatzi, lagun batek euskarara ekarri eta nik harena gaztelerara itzultzeari. Mihia baino bost lerro aurretik doaz begiak. Tartean, alkoholez bustitako atentatu bat dator izan ere. Ezin diot «pistola» dioen tokian «ogia» esan. Noizkoa da, Michael Collinsen garaikoa? Liburu osoa itzularazten dit intelektualak. Kartzelan lagunik badudan jakin nahi du. Nola konpon daitekeen «hemengo arazoa». Rosa Lluchen hitzak errepikatzen dizkiot, ETAk aita hil baino hiru urte lehenago. Tipo interesgarria zara, diost lau orduren buruan. Ea hau amaitzen denean geratzen garen zerbait hartu eta hizketan segitzeko.

Beldurrak airean nago telefonoak jotzen duen bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.