LARREPETIT

Hemen bai

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko maiatzak 30
Hiru urte pasatu dira jada Nafarroako aldaketaren indarrek kalkulu matematikoetan buruzgainka egin eta gobernura iristeko urratsa egin zutenetik. Geroztik, eta unean-unean balioa ematea kosta egiten zaigun arren, asko izan dira eman dituzten aurrerapausoak. Ez dira aski izan, noski. Baina jakin badakigu instituzioetan aldaketak mantsoak izaten direla. Eta, bestalde, guk nahiko genukeen guztia ezin izan dutela egin, lau alderdi ari direlako elkarlanean eta horietako batzuk, agian, ez direlako gure gustukoenak, Espainiaren barnean segitzen dugulako oraindik eta argiak dira ezartzen dizkigun mugak, eta, gobernuan ez bada ere, Nafarroako erregimenak zutik eta presente dirauelako.

Horren erakusle, larunbaterako Iruñean euskararen kontra deitu duten manifestazioa. Joan den urtean «Nafarroako banderaren alde» atera zuten lukainka, eta orain «hizkuntz eskubideen alde», arrazoiak ez baitu inporta: helburua da erakustea haien ikuspegi atzerakoiak babesa duela herritar batzuen artean. Dena den, erregimena ez dago soilik kanpaina komunikatibo atzerakoietan. Erregimena dago Iruñeko bortxaketaren epaia eman duen Nafarroako Auzitegian, dago Nafarroako Unibertsitatean eta haren klinikan, dago Nafarroan eskela gehien jartzen diren egunkarian, eta kontrolatzen ez ditudan bestelako instituzio politiko eta ekonomikoetan.

Horregatik da hain garrantzitsua ezer aldatu nahi ez duten horien aurrean dena aldatu nahi eta alda dezakegula erakustea, gobernutik kanpo ere. Eta arlo guztietan daukaten botereari kontrabotereak eraikitzen segitzea, txikitasunetik, eta kaleetan. Alternatiben Herriak emanen du horretarako aukera larunbatean, zer eta erregimenaren aldeko manifestazioarekin parez pare. Parada paregabea erakusteko saltzen diguten iraganaren aurrean, hemen bai, posible dela gauzak aldatzea. Eginen dugula, eta egiten ari garela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna