Mikele Landa.
LARREPETIT

Eskerrik asko, Varda!

2017ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Erreferente batekin identifikatuta sentitze hutsak helburuak egingarriagoak direla sinetsaraz diezaioke edonori. Belaunaldi berria deritzotenaren baitan zaudenean, bat-batean heltzen da unea: amets bat aukeratu behar duzu. Nagusitan izango zaren horri forma emateari ekin behar diozu, eta, zelan ez, erabaki ahal izateko aukerak zeintzuk diren bistaratu behar duzu lehenengo.

Orduan agertzen dira idoloak, izarrak, jainko txikiak eta pertsona miresgarriak. Telebistan, posterretan, dokumentaletan eta historia liburuetan ageri diren horiek datozkizu gogora. Jaio zarenetik hedabideek eta orokorrean gizarteek elikatu duten iruditeriari egiten diozu so, eta gustuko norbait ikusterakoan, berarekin identifikatuta sentitze hutsak erabakigarria den bultzada ematen dizu izango zarena zizelkatzeko.

XX. mendeko berrogeiko hamarkadan, emakume izanagatik, identifikatuta sentitu ahal izateko erreferente gutxi izan arren, argazkilaria izateko ikasketei ekin zien Agnes Vardak Parisko Vaugirard gau-eskolan. 1954. urtean bere Daguerre kaleko etxearen patioan egin zuen lehen argazki erakusketa. Ostean, zinemagintzara egin zuen salto. Beste behin, ingurura begiratuta, soil. Nouvelle vague-ren baitako emakume zuzendari bakarra izan baitzen. Egun, bideoartearen izenik esanguratsuenetariko bat ere bada.

Bihar hasiko den 65. Zinemaldian, Donostia saria emango diote. Azaroan, ohorezko ibilbidearen oscarra izango du esku artean. Atzean beste hainbat oroigarri, izendapen, eta trofeo utzi ditu bere izenpean. Baina gaur argazkilari, zinema zuzendari eta bideoartista izan nahi dugun emakumeon erreferente da, eta esango nuke hori dela guztietan saririk baliotsuen eta eraginkorrena. Oraindik ere zirkulu amaigabe baten baitan sartuta baikeundeke, jarraitzeko inoren pausoak izan ez dituzten arren, ekinaren ekinez beraien tokia bilatu eta aurkitu duten emakumeengatik izango ez balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.