Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Memoriaren bezpera

2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Europara iritsi nahian 1993tik Mediterraneoan hil diren 32.293 pertsonaren izenak eman ditu argitara Der Tagesspiegel alemaniar egunkariak azaroaren 9an, Euskal Erdian Memoriaren Eguna ospatu den bezperan. Egoitza Amsterdamen duen United erakundearen zerrendak erabili dira horretarako, eta bertan, ahal izan den neurrian, milaka iheslari horien izen-abizenak, adina, jaioterria, nora iritsi nahi zuten eta heriotzaren kausak jaso dira. Hauen ondoan, nondik hartua duten albistea.

Bistan da, alderdi praktikotik alferrikakoa begitantzen ahal den izendegia, milaka aletan biderkatuagatik bakarren batzuk soilik begiratuko duten orritza ederra, eta hala ere, hasierako muturrekoaz harago, ezinbesteko abiapuntua nolabait ere lagun horien identitatea berregiten hasteko. Bada alferrikakoagorik.

Biktimekin egin ohi diren memoria ariketa guztietan, hiru dira azkenaldian behin eta berriz indartu gogo diren kontzeptuak: egia, justizia eta erreparazioa. Serio hartzera, egun Urola Erdian bizi diren biztanleak eta beste parrastada bat gehiago bilduko lituzkeen zerrenda hau abiapuntua baino ez litzateke egia osatzen hasteko. Justiziak exodo masibo hauen arduradunen bila hastera behartuko gintuzke, gerren eragileengandik hasi eta Europako mugetan giza ehizan dabiltzanekin jarraitzeko. Erreparazioa, berriz, ikusita zertan gauden aurreko bi puntuetan, Gernikako Arbolari gereziak eskatzea iruditzen zait une honetan.

Baina gaiari heltzera, eta honelako zerrendek bakoitzaren etxera ekar dezaketen zakarra ikusita, uste dut Europara bidean hil direnen biktima izaeran korapilatuko garela hurrengo urteetan, zeren hala hartzera, ez da munduan ez nahiko paper, ez nahiko epaitegi, ez nahiko duintasun izen-abizenak dituzten salatuek sortu duten kalteari ordaina emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.