maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ilusioa

2018ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Aieteko konferentzia hartatik zazpi urte pasatu dira jada, eta azken urteotan nabari zen neke bat Autonomia kaleko airean. Orduan sinisten genuen denbora gutxiko kontua izanen zela: euskal presoak etxeratu edo behintzat hurbiltzeko pare bat urtarrilez mobilizatzea aski izanen zela, eta urte gutxian, dena konponduta. Ez zen hala izan, ordea. Are, ondotik etorri zen Herrira-ren kontrako sarekada, eta kolosala izan behar zuena tantaz tanta txikituz joan zen, baita hotz eta euri, txikituz ere, Bilbora egun-pasa joateko ilusioa.

EAJk egoera larri baten aitzinean manifestazioarekin bat egin izanak berriro ekarri zuen esperantza bat, baina hurrengoetan berriz erritual baten gisan segitu genuen Sareren deialdiari kasu egiten. Koloretako argi eta guzi, baina presoak Euskal Herrira now ekartzeko esperantza gutxirekin, nik uste; soilik hatz erakuslez injustizia salatzeko asmoz.

Aurtengoa ezberdina iruditua zitzaidan. Aterkien artean bidea ezin zabaldurik, jendetza sumatzen zen kaleetan berriro, manifestazioaren kale paraleloetan aitzina egiten saiatzen; bazirudien bazela hor zerbait. Eta euskal komunikabideek ere nabarmendu dute: «Azken urteotako jendetsuena», BERRIAk. Ez dakit motxiladun umeen eta Ur Handitan-en arrakastaren fenomenoa izan den, ala, agian, egunean bertan jasotako albistearena: Euskal Herritik hurbilen dauden espetxeetara ekarriko dituela presoak Frantziako Justiziak datozen asteetan. Sinestezina egin zitzaigun gehienoi albistea, aitzinetik jakin arren bide bat irekia zutela bakegileek. Orain errana ikusteko zain gaude: beteko ote duten benetan hurbiltzearena. Pixka bat mesfidati, baina berriro, ilusioz. Eta harri bat mugituta, bertze aldekoa mugitzeko indarra itzuli izan baligute bezala da, horretarako prest eta gai bagina bezala. Eta jarri gara, berriro, Madrilera begira. Ea ez diguten ilusioa lapurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.