Mikele Landa.
LARREPETIT

Hitzaren bila (II)

2018ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ebook-ak? Bai, bueno, ondo, baina nik neuk nahiago ditut liburuak paperean irakurri. Usaindu ahal izateko, bukatzeko zenbat falta zaidan eskuarekin neurtu ahal izateko, horri puntak tolestu ahal izateko eta ertzak iruzkinez betetzeko».

«Bada, ni gutun trukean aritzen naiz Italiako lagun batekin. Noizbehinka, hitz egin ohi dugu Whatsappez, telefonoz eta Skypez ere, baina beti gordetzen dizkiogu elkarri kontatu beharreko zenbait kontu eskuz idatzita partekatzeko. Badakizu, esperientzia zirraragarria da buzoia zabaldu eta faktura ez den gutun azal bat aurkitzea, ostean atzamarrekin apurtzea, mezua esku artean hartu ahal izatea, tolesdurak zanpatzea...».

«Iaztik, gurasoena zen Polaroid argazki kamera zaharrarekin etxera datozkidan gonbidatuei argazki bana ateratzen diet. Ostean izozkailuaren atean ipintzeko. Kontu handiz bultzatzen dut kliskagailua, karreteak garestiegiak dira txarto geratuz gero errepikatzeko eta. Baina merezi du, betirako edukiko baititut argazkiok».

«Bua, ikusi duzue aurtengo Bartzelonako azokan Nokiak aurkeztu duen mugikor berria? Matrix-ekoa da! Tapa irristagarria du eta garrantzitsuena, sakatzeko botoiak! Argi daukat zein izango den nire punta-puntako hurrengo telefonoa».

Hipster batek esango lituzkeenen zerrenda osatzen nabilela dirudien arren, janzkera estiloetan erreparatzen ez duen pandemia batez mintzo naiz. Oraindik izendapen ofizial edo zientifikorik aurkitu ez diodan gaixotasun kutsakor bati buruz (Materialitis?, objektufilia?). Ukitzeko beharraz, hartzeko nahiaz hain zuzen. Aipatu ditudanak sintoma dira, eta nik ere pairatu ditut zenbait. Nostalgiaz oroitu dut ume nintzeneko joko bat. Begiak itxi, eta, ukimenaren bitartez soilik, esku bakoitza lagunetariko zeinena zen igartzean zetzan olgetak. Oro taktila bilakatu den mundu honetan, kristal testura du denak, eta ez dakit jada ezagutuko nituzkeen lagun minen esku ahurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.