Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Eperrak baditüzü, ezkuta itzazu

2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Lehengoan euskalgintzan nor den batek zur eta lur utzi ninduen galdera egin zidan: nor da Anjel (sic) Duhalde? Aitortu behar dizut, irakurle estimatua, ironikoki ari zela pentsatu nuela. Alegia, galderagatik pentsatu nuela bazekiela, jakin, nor ote den Anje Duhalde (azken hizkiaren lapsus-a salbu), baina egungo musikagintzan zuen papera kolokan jartzen ari zela. Pentsatu nuen. Baina ez. Literalki ari zen. Azaldu nion nor zen. Are gehiago, kantatu nion nor zen. «Eperraaaak, baditüzü... Bere bi hegalaaaak...». Ez zuen ezagutzen. Ea (ez nadin berotu, irakurle maitagarria), euskalgitzan ardurarik izan dezakezu eta kantu hau ezagutu ez? Ez du erromerietan dantzatu? Non bizi izan da? Esan nion agian kantua Niko Etxartekin lotzen zuela, zuberotarra izaki, kantatu izan duelako. Badator, bai. Ez zuen Etxart jauna ezagutzen. Oh la la. Euskal rock & rollin ere ez. Zenbait kantari aipatu nizkion, zein sakonerazko hondarretan ari ginen jakiteko. Guztietatik «Mikel Laboa handia» esan zidan. Handia eta sandia.

Harritzen nau ezjakintasunaren harrokeriak. Ez da lehenengoa esaten didana, «ez dut irakurtzen, eta zer?» edo «ez zait euskal musika interesatzen, eta zer?», edo «antzerkira? umetan joan nintzen, eta zer?». Badirudi Elkar argitaletxearen Eta zer? bildumarako merituak egiten ari direla. Garai batean kultur janzkera plus bat zen, zer bat ematen zizun. Harrokeriak osterantzekoa zuen aurpegia. Intelektualitate kuntza ematen zion edonori kultur jardunak. Orain ez. Armairutik ateratzen ari dira. Orain arrotz begira ez zaitzaten irakurleak eguzkitarako betaurrekoak jantzi behar ditu. Ez da guay ezta cool ere.

Izen-abizenak eman niezazkizuke, Larrepetit zale hori. Zertarako, baina? Atera ezazu tekila botila, amante, xurrut egin dezagun barrearen barrez lehertu arte. Urtu ditzagun malko garratzak hurrengo txupitoan eta gora bihotzak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.